Txakurtegiko animaliak antzutuko ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 15a, 20:04

Getxoko Ingurumen Arloak kanpaina informatiboa abiatuko du laster etxabereak, batez ere txakurrak eta katuak, antzutzearen ganean. Bide batez, 2007tik aurrera udal txakurtegitik ateratzen diren animali guztiak antzutzeko asmoa du, euren jabeek erreklamatu ezean. “Antzutzeaz baliatzea ardura handia hartzea da. Horri esker, besteak beste, animalien, eta batez ere katuen, ondorengotza eta batzuetan arazo handi izaten den gainpopulazioa kontrolatu ahal ditugulako”, dio Fernando Burzako Ingurumen zinegotziak. Udal agintariaren hitzetan, “uste ez bezala, gai honetan adituak direnek, abantailak baino ez dituzte topatzen animaliak antzutzean: animaliak ugaltzea galerazteaz gain, soziabilitate handiagoa izaten dute eta minbizi jakin batzuekin gaixotzeko joera txikiagoa izaten dute”. Argazkian, kaleko katu bat / Rafa Espada, Copyleft lizentziapean.

"Animaliak babesten dituzten bi elkarterekin batzartu ostean", Ingurumen Arloak ez du baztertu nahi katuak antzutzeko proba piloturen bat abiatzea, katuak ugaltzeak zikintasun eta osasun arazoak eragin ahal dituen lekuetan. Halaber, Udalak 5.000 eskutitz igorriko dizkie txakurrak eta katuak dituzten herritarrei, antzutzeak dituen abantailak azaltzeko. “Albaitariekin batzarra egingo dugu eskutitzan zer esan zehaztu eta euren iritzia ere jasotzeko”, aipatu du Burzakok.

Hitzaldiak

Bestalde, Ingurumen Arloak bi hitzaldi eskainiko ditu txakurrak dituztenei edo edukitzeko asmoa dituztenei zuzenduta, "epe ertain eta luzera begira, txakurrak herritarren bizimoduaren ohituretara moldatzeko". Bi saioak hile honen 19 eta 26an egingo dira, 11:00etan, Getxoko probalekuan. Lehen hitzaldian 50 lagun inguruk hartuko du parte. Burzakoren esanetan, “horrek erakusten du ekimenak harrera ona izan duela”. Zinegotziak uste du “hitzaldiek interes handia biztuko dutela eta aurrerantzean etxabereak edukitzea arautzen duen udal ordenantza gehiago beteko dela”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun