Gazte-elkarte getxoztarrei emango diete hitza ostiral eta larunbatean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 15a, 20:49

Gazteshowa izenburupean, gazteekin jarduten diren edo horiei zuzenduta dauden udalerriko elkarteen arteko topaketak antolatu ditu, azaroaren 17 eta 18rako, Getxoko Gazteria Zerbitzuak; taldeek beraiek dituzten proiektuak, zailtasunak, ideiak edota proposamenak ezagutzera eman ditzaten. Jardunaldiak Algortako Getxo Antzokian izango dira eta sarrera doakoa. “Udalerrian elkarte multzo oparoa eta anitza daukagula ezagutzera ematea da asmoa, herritarrak animatuz kolektibo horietan parte hartzera. Bestalde, taldeak elkar ezagutu eta euren artean sare moduko lana sustatu nahi dugu; aldi berean elkarteetan eta udalerriko gazteengan eragina duten gaien ganeko eztabaida eraginez eta proposamenak batuz” adierazi du gaur goizeko prentsaurrekoan Imanol Landa Gazteria zinegotziak. UKBERRI ere izango da Gazteshowan. Argazkian, Unai Amezaga -atzean- eta Imanol Landa -aurrean- Gazteshowaren aurkezpenean.

Gazteshowa izena parte hartuko duten elkarteek beraiek aukeratu dute. Topaketen hiru ezaugarriak dira ekimen berritzailea eta aitzindaria izatea, partaidetza bultzatzeko antolatutakoa izatea eta gazteen artean eztabaida sustatu nahi izatea. "Honako baldintza hauek betetzen dituzten Getxoko elkarte guztiei parte hartzeko gonbitea luzatu zaie: ekitaldiak 5 eta 30 urte arteko lagunei zuzentzea eta batez ere gazteek osatutakoak izatea", azaldu du Landak.

17 elkarte

Horrela, ekimenean 17 taldek hartuko dute parte beren ekarpenekin. Oso elkarte desberdinak dira, oso gai desberdinak lantzen dituztelako, tartean astia, kultura, kirola, Informazio eta Komunikazio Teknologia berriak, hizkuntza-normalkuntza eta partaidetza baina guzti-guztiak dira interesgarriak udalerriko gazteentzat. Bi egunetan elkarteek beren proiektuak, ideiak, arazoak eta proposamenak aurkeztuko dituzte Getxo Antzokian. Era arinean, partehartzailean eta entretenigarrian egingo da, esperientzien trukaketarako eta lagunen arteko harremanetarako gune informalei garrantzi handia emanez. “Giro desberdina eta informala sortzen saiatuko da eta eszenatokian telebistaren seta ipiniko da, talk-showen modukoa” azaldu du Unai Amezaga Gazteria teknikariak. Solasaldi bakoitzaren iraupena 15 bat minutukoa izango da eta lau bakoitzeko parte hartzeko txanda izango da, iritziak eta eztabaidak ahalbideratzeko. Solasaldi batzuk euskaraz izango dira eta beste batzuk gaztelaniaz, baina bapateko itzulpen zerbitzua ere izango da.

Egfitaraua:

Azaroak 17, ostirala

16:00 Hasiera ekitaldia.
17:00 Aurkezpenak.
- Beti Kalean kultur elkartea. Algortako Gazte Asanblada.
- UKBERRI. Uribe Kostako Komunikabide Euskaldunak.
- Bizarra Lepoan euskara elkartea eta Egizu.
- Eztabaida.
18:00 Atsedenaldia. Luntx irekia.
18:15 Aurkezpenak.
- Asociacion Uribe Costa Pro Deficientes Psiquicos.
- Koska Kolektiboa kultur elkartea.
- Gazteen Gurutze Gorria.
- Eztabaida.
19:15 Amaiera.

Azaroak 18, larunbata

11:00 Gosaria.
11:45 Aurkezpenak.
- Ziztu Bizian scout taldea / Eskubeltz scout taldea.
- Gobelab Getxoko Hacklab.
- Itxartu dantza taldea.
- Getxoko Antzerki Eskola.
- Eztabaida.
13:00 Atsedenaldia.
13:15 Aurkezpenak.
- Itzubaltzeta / Erromoko Gazte Asanblada.
- B-SIDE.
- Aixerrota Algortako Iñaki Deunaren jai batzordea.
- Eztabaida.
14:15 Goizeko saioaren amaiera.
16:30 Aurkezpenak.
- Erromo eta Pinuetako Alaiak jai batzordea.
- Algortako Gaztetxoak.
- Cultural “Danza Getxo”
- Eztabaida.
17:30 Atsedenaldia.
17:45 Diaporama.
18:30 Amaiera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun