Itzubaltzetan izango dira aurten Sahararen Eguna eta GKEn azoka

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 15a, 21:47

Getxotik Mundura-Mundutik Getxora jardunaldien bi ekitaldi nagusiak, hau da, Sahararen aldeko eguna eta Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GGKE) Azoka Itzubaltzeta / Erromoko Santa Eugenia plazan izango dira aurten. Bederatzigarren urtez jarraian, “planetaren leku jakin batean jaiotze hutsagatik pertsona askok bizi dituzten egoera zailen gaineko hausnarketa” sustatuko dute azaroaren 18tik 24ra bitartean, gaurko aurkezpen ekitaldian Imanol Landa Garapen Lankidetza zinegotziak adierazi duenez. Esan bezala, larunbat honetan emango zaie hasiera jardunaldiei, Sahararen Eguna ospatuz. 10:00etatik 14:00ak arte, eta beren beregi umeentzat prestaturiko jolas-giroan, 30 urtetik gora Tindoufeko kanpalekuetan errefuxiatuta iraun duen saharar herriaren egoera zaila emango da ezagutzera. Igandean, berriz, 11:00etatik 15:00ak arte, GGKEen Azoka izango da, Ertamerikan eta Afrikan egin dituzten lankidetza proiektuak ezagutzera emateko. Halaber, Getxoko Garapen Lankidetza Arloak egin duen DVDa aurkeztuko da. Bertan, udalerriko elkarteen egungo errealitatea islatzen da, eta era honetako ekimenetan edozein pertsonak laguntza emateko duen aukeraren berri ematen da ere. Argazkian, aurtengo ekitaldiko kartelaren irudia.

Herrialde txiroetan emakumeek bizi duten egoera zailaren gaineko sentsibilizazio eta ezagutzarako ekintzak ere biltzen ditu egitarauak. Besteak beste, "Emakumeen nabarmentasuna Senegaleko garapenean" izenburuko hitzaldia eskainiko du, hilaren 20an, Carmen Garcia de Lucio Bakearen aldeko Lankidetza Asanbladaren egitasmoen koordinatzaileak. Egun bat beranduago, beste hitzaldi bat egongo da: oraingo honetan, "Saharako herria emakumeen ikuspegitik. Jabekuntza esperientzia: Smarako Emakumeen Etxeak” izenekoa. Fatma El Ghalia kazetari eta idazle sahararrak eta Mª Rosario Arrizabalaga UNMS Emakumeen Etxeen koordinatzaileak emango dute. Azken hitzaldia, hilaren 23an, izango da. Carlos Vazquez Mugarik Gabe erakundeko Sentsibilizazio arduradunak “Puebla Panama plana. Nor da aberasten dena?” gaiaz hitz egingo du. Hiru hitzaldiak Algortako Villamonte kaleko kultur aretoan izango dira, 19:30etik aurrera

Filmak eta erakusketak

Algortako Getxo Antzokian egiten diren Zine Klub eta Zinema Paradiso saioek ere Getxotik Mundura jardunaldiekin bat egingo dute. Asteazkenean, azaroak 22, 19:30ean, “Perder es cuestión de metodo” Sergio Cabrerak zuzendutako filmea egongo da ikusgai. Kolonbiako jende xehea erakusten du. Hilaren 24an, ostirala, 22:00etan, “A las cinco de la tarde” Samira Makhmalbafek zuzendutako filmea pantailaratuko da. Afganistanen erregimen talibana erori ondoren emakumeentzako eskolak ireki ziren berriro. Emakume haietako baten historia kontatzen du.

Horretaz gain, azaroaren 20tik 24ra bitartean, bi erakusketa izango dira: “Emakume ikusezina. Bakerako Lankidetza Batzarra”, Itzubaltzeta / Erromoko kultur aretoan, eta bestea Villamonten Euskal Fondoak antolatuta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun