SMS lehiaketa, ardo-dastaketa eta kultura arteko karaokea izango dira Getxoko Euskal Kulturaren Jardunaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 16a, 19:51

SMS lehiaketa, eskarmetu handiko bi "somellier"en ardo-dastaketa, hainbat herrialdetako abestiekin egingo den kultura arteko karaokea edo “Aitzina pika ikusgarria” Zuberoako kantu eta dantza ikuskizuna dira, besteak beste, Getxon azaroaren 20tik abenduaren 3ra bitartean egingo diren Euskal Kulturaren VIII. Jardunaldien ekitaldi berrienak. Getxoko Udalak antolatu ohi ditu, abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Egunaren harira. Aurten egitarau "zabala, erakargarria eta anitza" prestatu dute, adin guztietarako ekitaldiekin: zinea, umeentzako antzerkia, umore jardunaldiak, hitzaldiak edota ekitaldi gastronomikoak. Argazkian, Zuberoako dantzak.

Jardunaldi hauen garrantzia azpimarratu du gaur goizeko prentsaurrekoan Iñaki Zarraoa alkateak: azken urteetan egun batetik hamabostaldi oso bat betetzera pasatu dira. “Oraindik asko falta da gure gizartean euskararen erabilera normalizatzeko eta horregatik dira beharrezkoak honelako ekimenak eta erakunde eta herritarron inplikazioa, gure hizkuntza, gizon-emakume guztion ondarea dena, bizirik iraun eta gal ez dadin", azaldu du udal agintariak. Imanol Landa Euskara zinegotziak, bere aldetik, egitaraua osatu ahal izateko, udalerriko hainbat elkarteren parte-hartzea eskertu nahi izan du, besteak beste Egizu, Bizarra Lepoan, UK aldizkaria eta Algortako Bertsolari Eskola (ALBE), "adin guztietarako ekimenak antolatzen lagundu digutenak”.

Berrikuntza ugari

Azaroaren 20tik 28ra bitartean, lehenengo SMS lehiaketa deitu du Bizarra Lepoan euskara elkarteak, gazteen artean hain errotuta dauden ohitura berrietan eragin eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Mezuen gaia “ligatzea” izango da eta parte hartu nahi duenak nahi beste mezu bidali ahal izango ditu 605 739 916 telefono zenbakira. Lehenengo hiru sariak ordenagailu eramangarria, argazki kamera digitala eta MP3 irakurgailua izango dira. Gainera opari bana egongo da parte-hartzaile guztientzat. Informazio gehiago: 94 491 43 57 telefono zenbakian.

Azaroaren 22an, asteazkena, hitzaldia eta ardo-dastaketa egondo dira Algortako Bidebitarte txokoan, Mikel Garaizabal eta Itsaso Arana eskarmentu handiko "sumellier"en eskutik. Hurrengo egunean, poemak eta testu musikatuak entzun ahal izango dira Patxi Zubizarreta, Txema Garces eta Josetxo Goia-Ariberen eskutik, Piper´s Irish Pub tabernan, 19:30ean. Hilaren 24an, Getxo Antzokian, eta ETBn lortutako arrakastaren ondoren, “Euskal Kantarik Onena” lehiaketan parte hartu zuten hiru abeslari izango dira: Xabi San Sebastian, Bihotz Gorospe eta Jon Urdangarin, hain zuzen ere. Arratsaldeko 7:30ean hasiko da saioa eta sarreren prezioa 3 eurokoa.

Hilaren 25ean, larunbata, antzerkia izango dute txikienek Getxo Antzokian: “Cantervilleko mamua” taularatuko du Hankatxo antzerki taldeak. 13:00ean eta 18:00ean izango dira saioak. Igandean, 17:30etik aurrera, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoa izango da, toki berean, Euskalduna Jauregian egongo diren zortzi finalistak argitzeko asmoz. Sarrerak www.bertsozale.com-en daude salgai.

Umore Jardunaldiak

Aurreko urtetan bezala, Piper´s Irish Puben egingo dira Umore Jardunaldiak: hilaren 28an “Emetik” bertso-kabareta egongo da ikusgai, Iratxe Ibarra, Onintza Enbeita eta Ohiane Perea bertsolariekin, eta 29an, Larrikun taldeak “Greban gaude” antzeztuko du. Biak 20:00etan hasiko dira eta sarrera dohain.

Ostegunean, 30ean, Algortako kultur etxean (Villamonte), Euskal Literaturaren Egoeraren inguruko mahaingurua egongo da. Bertan Laura Mintegi, Unai Elorriaga, Xabier Paya eta Esti Ezkerra izango dira. Abenduaren 1ean, triki gosaria izango dute, Piper´s Irish Puben, Getxo udalerriko euskaltegietako ikasleek; eta 20:00etatik aurrera, Algortako Kasino plazan Euskara Showa izango da ikusgai: ikuskizun musikala hainbat herrialdetatik jasotako abestiekin -euskaratuta-, kultura arteko halanolako karaoke batean. Euskararen VIII. Jardunaldien azken txanpan, “Aitzina pika ikusgarria” ikuskizuna izango da, abenduaren 2an, Getxo Antzokian, Zuberoako musika, kantu eta dantzekin. Jardunaldien azken eguna abenduaren 3a izango da; orduan, Getxo Antzokian zinema eskainiko da: “Betizu eta Xangaduko misterioa” umeentzat eta “Kutsidazu bidea Ixabel” helduentzat.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun