"Emetik" bertso kabareta izango da bihar Astrabuduan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 16a, 20:11

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatutako Kultur Errota zirkuituaren barruan, "Emetik" bertso kabareta ikuskizuna eskainiko dute ostiral honetan, azaroak 17, Onintza Enbeita, Oihane Perea eta Iratxe Ibarrak, Astrabuduan. Hain zuzen ere, Berbots Erandion Euskaraz! elkarteak antolatu du biharko saioa, Trabudu tabernan, 21:00etatik aurrera. Kanta poteoa ere izango da aurretik, Berbalagun egitasmoari bultzada emateko.

Bertso-kabaret ikuskizuna pasa den maiatzaren 8an aurkeztu zuten Enbeitak, Ibarrak eta Pereak Larrabetzun, Bertsozale Gazteen III. Egunaren harira, ondoren 15ean Bakion aritu ziren.

Ikuskizunean, antzerkia, bertso jarriak, poesia eta musika uztartzen dituzte hiru bertsolari gazteek. Era umoretsuan, immigrazioa, prostituzioa edota sorginkeria bezalako gaiak jorratzen dituzte beti ere emakumeen ikuspegitik. Onintza Enbeitaren esanetan, "bat-bateko bertsoa jantzi, eta sentimenduak biluztu, gauza askoren inguruan kantatu nahi dugu. Ez gara dantzan hasiko. Emakumea bertsolaritzan ere lekua irabazten ari da, baina eskemak oraindik oso arrak dira, pentsaera orokorra oso arra da". Izan ere, bere ustez, Emeki-egileak "femeninoagoak izan nahi dugu".

Emakume bizkaitarrak

Ikuskizunaren izena ere kabaretak bermatzen duen arte ezberdinen nahasketa eta protagonistak emakumeak direla islatu nahi du. Horrela, izena berak baldintza horiek betetzen ditu, hitz jokoaren bitartez: "bizkaieraz, herri hizkeran emetik esaten da hemendik esateko, eta emetasunetik egiten dugunez, hitz joko hori egin nahi izan dugu".

Baina nahasmenak eta bapatekotasunak ez dute eztaltzen ikuskizunak duen barneko lana: "emanaldi bakoitzaren aurretik eskema bat lantzen dugu. Zer esan gura dugun, prostituzioaren inguruan aritu nahi dugun, langabeziaz... eta umoretik, publikoa gure ikuskizunean inplikatu nahi dugu. Gaiak aurkezteko modua ere diferentea da. Elementuak erabiliko ditugu, jantziak, ileordeak, txapelak..." gaineratzen du Onintzak.

Gaiari buruzko berriak:

Emeen bidaia hasi da (Matraka.info)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun