Kontzertu batekin emango diote bukaera larunbatean Udondo gaztetxeko seigarren urteurrenari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 16a, 20:32
Bideo-forum eta ekitaldi anitzez jantzi dute astea Leioako Udondo gaztetxean. Izan ere, aipatu gune autigestionatua sortu zenetik sei urte bete dira jada. Ospakizunei amaiera bikaina emateko, kontzertua antolatu dute larunbat honetarako, azaroak 18. Bertan izango dira Los Vibradores (Bilbo), Paralitikos (Santander) eta Paniks taldeak, 20:00etatik aurrera. Sarrera 3 eurotan jarri dute. Argazkian, Udondo gaztetxearen bosgarren urteurrena.
Leioako Gazte Asanbladak lehenengo bilerak antolatzeari 1996ko udaberrian ekin zion. Bertan gehien azaldu zen arazoa gazteentzako lokalen gabezia izan zen. Horregatik, gazte asanbladaren lehenengo aldarrikapena hori izan zen. Udal Gobernuaren erantzun eza ikusita, okupazioaren "beharra" ikusi zuten gazte asanbladako kideek eta 1997ko apirilaren 5ean Mendibile jauregia okupatu zuten. Gazte asanblada eraikina garbitzen eta konpontzen hasi zen, izan ere jauregia "guztiz utzita" baitzeukan Udalak, bere plan bakarra "espekulatzea" zela. Aste bat beranduago desalojatu zituzten gazteak baina Mendibile berrokupatu zuten. Gaztetxeak gazte mordo bat erakarri zuen eta erreferentea bihurtzen hasi zen Leioako gazteriaren artean. Talde mordo bat ere biltzen eta sortzen hasi ziren gaztetxean: gazte asanblada bera, Leioako Insumiso Taldea, Lila Gorriak, Asamblea Libertaria de Leioa, Amalurra taldea, Antzerki taldea, Duina... Hamaika ekintza hasi ziren egiten gaztetxean: tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak, eztabaidak, ikastaroak, kontzertuak... Kulturaren sorkuntza eta eskaintza izan zen zeregin nagusia 2000ko ekainera arte.

Iruzurrezko negoziazioak

2000ko ekainean, ertzainek desalojatu zuten Mendibile. Gazte Asanbladak salatu zuen Karmelo Sainz de la Mazak, orduan Leioako alkate berria, ustezko negoziazio batzuk eskainiz ertzainak bidali zituela udaletxean bilduta zeuden bitartean gaztetxean inor ez zegoela baliatuz. Ondoren, kriminalizazio kanpaina burutu zuten EAJ, PP eta PSE-EE.

Garai horretan, gazte asanblada Langabetuen kolektiboaren lokalean hasi zen biltzen, baina alkateak azken hauei mehatxatu ostean, gazte asanbladak utzi zion bertan biltzeari Langabetuei Udalak lokala ez kentzeko. Kale gorrian egonda gazteek berriro ikusi zuten okupatzeko beharra eta 2000ko azaroaren 18an Udondo gaztetxea okupatu zuten. Eraikina lantegi izandakoa zen, Espainiako Gizarte Segurantzak bahitua. Lehenengo asteotan hainbat identifikazio egin zituzten udaltzain eta ertzainek baina dagoeneko Udondok jarraitzen du aurrera, seigarren urteurrena ere ospatu ari direla aste honetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun