Larunbatean nazio mailako hiru hitzordu garrantzitsu izango dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 17a, 05:43

Larunbat honetan eta Euskal Herrian ohitura denez, makina bat ekitaldi izango dira, haietako asko nazio mailako hitzorduak. Besteak beste, Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak (EHGK) Andoainen antolatuko du Gazteriaren Biltzarra goizeko 9etan. Bertan, EHGKk aurrera eramateko ekintza plana adostu, gazteriaren eskubideak bermatzeko egitasmoak hausnartu eta EHGKk nazio egituretan egiten duen lanaren berri emango dute. Goizeko 10etan, berriz, Udalbiltzak Batzar Nagusia egingo du Beasainen eta bertaratzeko gonbitea egin die Euskal Herriko 685 udalerrietako hautetsiei, Uribe Kostako 10 udaletakoak barne. Zazpi urte bete ondoren, Euskal Herriko udal zinegotzi guztien erakunde izatea du oraindik erronka eta datorren urtean Euskal Herri osoan udal hauteskundeak egingo direla baliatuko du. Arratsaldeko 5etan, ekintza moldea eta lurraldea aldatuz, Abiadura Handiko Trenaren aurkako manifestazioa deitu dute makina bat elkartek, tartean Itzubaltzetako Segik. Manifestazioa Gasteizen egingo da. Argazkian, asteartean Lukon egindako AHTren aurkako ekintza, hiru atxilotuekin bukatu zena.

Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluaren oharra:

Mezu honen bidez hilaren 18an Andoaingo Bastero kulturgunean ospatuko dugun Gazteriaren Biltzarra ‘06–ra bertaratzeko gonbitea luzatzen dizuegu. Gune hau euskal herriko edozein gazteri dago irekia eta hortaz ateak irekita daude edozein gazte bertaratu eta bere hitza ager dezan.

Gazteriaren Biltzarra ‘06-ko saioa hiru ataletan banatuko dugu:

1) Ekintzarako plana: bertan eremu ezberdinetan gazteok bizi dugun egoera ikusita eta hilabete hauetan lanean ari diren gazte elkarte zein norbanakoekin bildu ostean, EHGKtik garatu beharreko ildoak zeintzuk diren eztabaidatu eta adostea dugu helburu.

2) Gazteriaren eskubideak: horiek bermatzeko beharrezkoak diren egitasmoen inguruan aritzea da helburua.

3) Bestelakoak: maila orokorragoan garatu beharreko egitasmoak eta EHGKk landuko dituen hitzarmenak biltzen dituen atala da.

Proposamen guzti hauek astebete arinago izango dituzue eskuragarri www.gazteriarenkontseilua.org gure webgunean, baina ez dira inolaz ere proposamen itxiak izango; aitzitik, hurrengo hilabeteetan garatu eta landu beharko lirateke, eragileen zein norbanakoen laguntzarekin.

Gazteriaren biltzarra euskal herriko gazteriaren hitza eta erabakia bideratzeko tresna izatea nahiko genuke, eta hortaz ezinbestekoa ikusten dugu gure herriko toki ezberdinetatik, errealitate anitzetatik, erakunde ezberdinetatik, pentsamolde eta ideologia ezberdinetako gazteak biltzea.

Gazteriaren Biltzarra ‘06
Azaroak 18, Andoaingo Bastero kulturgunean.
Goizeko 9:30etik 13:30ak arte.
Autobusak Bilbo, Iruñea eta Gasteiztik (izena eman 636 092 484 telefonoan).

EHGKko koordinatzaileen taldea


EGIren oharra:

Azaroaren 18an, denok Andoainera!

“Gazteok erabaki, gazteok eraiki” lelopean ospatuko da Euskal Herriko II. Gazteriaren Biltzarra. Azaroaren 18an, Andoaingo Bastero Kulturgunean ospatuko da goizeko 9.30etik aurrera Euskal Herriko Gazteriaren II. Biltzarra. Bertan, aurreko urteko biltzarrean aho batez onartutako Gazteriaren Eskubideen Kartan oinarrituriko Ekintza Plana aurkeztuko da.

Euskal gazteria guztiari luzatu nahi dio EGIk biltzar honetan parte hartzeko gonbitea. Andoainera hurbiltzeko autobusak izango dira Bilbo, Gasteiz, Iruña eta Iparraldetik. Informazio gehiagorako: www.gaztebilgunea.org/biltzarra

Euzko Gaztedi


Udalbiltzaren oharra:

Udalbiltzaren garaia heldu da; ekin dezaiogun biderari elkarrekin
Azaroaren 18an goizeko 10etan Beasaingo zineman Udalbiltzaren urteko Batzar Nagusia burutuko da. Euskal Herriko udal hautetsi guztiak gonbidaturik daude.

Zertarako batzarra?

Udalbiltzaren berrantolaketaren norabidean 1.go urratsa eman nahi dugu. Euskal Herriak bere burua nazio gisa politiko eta instituzionalki antolatzeko eskubidea izanik, 2006-2007 ikasturteak aukera bereziak irekitzen ditu xede horrekiko. Alde batetik, Euskal Herria prozesu politikoan murgildurik dago. Bestetik, lehenbiziko aldiz 7 herrialdeetako udal hauteskundeak burutuko dira urte berean. Alegia, 3 milioi euskal herritarrek euren ordezkariak hautatuko dituzte 685 udaletan.

Oinarrizko instituzioetatik Euskal Herria eraikitzeko aukera jakin behar dugu erabiltzen. Udalbiltzan izaniko zatiketak gainditzeko baldintzak daude eta Euskal Herriari Udalbiltzak egin dezakeen ekarpen handia izanik, denon artean urratsak emateko garaia da. Euskal Herriak Udalbiltza bezalako nazio instituzioa behar du eta Udalbiltzak Euskalduna Jauregiko printzipioak errespetatuz, bere burua egokitu behar du garai berrian Euskal Herriak dituen behar berriak asetzeko.

Udalbiltza berrantolatzeko baldintzak egon badaude eta horren aldeko apustu sendoa egiten dugu. Horregatik, berrantolaketarako prozesua sustatu nahian, beste gainontzeko alderdiekin bideak irekitzear badaude ere, dagoeneko, Abertzaleen Batasuna, Aralar, Batasuna, EAJ eta Eusko Alkartasunako zuzendaritzekin harremanak ireki ditugu eta Udalbideri dagokienez, sendotu eta formalizatu egin ditugu orain arte izandakoak.

Batzarraren gai ordena:
- 2005-2006ko ikasturtearen balantzea.
- Udalbiltzaren plan estrategikorako proposamena aurkeztea eta egokia bada, 2006-2007ko plangintzaren bidez gauzatzen hastea onartzea.
-E uskal herritarren eskubideen gaineko txostena aurkeztea. (Udalbiltzaren etorkizunerako lan ardatza).

Partaideak:
Euskal Herriko udal hautetsi guztiak gonbidaturik daude. Deialdi publikoaz gain, batzarrera joateko gonbidapen pertsonalizatuak jaso dituzte euren udaletxeetan. Hala ere, ohar honen bidez, gonbidapena luzatu nahiko genieke berriro ere.

Euskal Herriak behar duen nazio instituzio egokia lortzeko larunbateko batzarra urrats xumea bada ere, garrantzitsua eta norabide egokian doala iruditzen zaigu. Zailtasun guztien gainetik, une politikoak dituen aukerak jakin behar dugu erabiltzen. Ekin diezaiogun bideari elkarrekin!

Udalbiltza


Itzubaltzetako Segiren oharra:

Hamaika arrazoi ditugu AHTren aurka egoteko:

1) Amalurra txikituko duen egitasmoa delako... ...eta bizitzeko ez dugu zertan ingurumena suntsitu.

2) Enpresa multinazionalen globalizazio ekonomiko eta kulturalean funtsezko eragilea delako... ...eta gure ekonomia eta kultura porrusalda bezain herrikoiak dira.

3) Milaka milioi euro xahutuko direlako eraikuntza enpresen, banketxeen eta politikoen mesedetan... ...eta bien bitartean jende gehiena pobrezian bizi da, egoera kaxkarretan, bazterketa eta behin-behinekotasuna pairatuz.

4) Auto-ilarak ez direlako Abiadura Handiko Trenarekin eta errepide berriekin konponduko, ibilgailuen trafikoa murriztuz baizik jaitsi behar baitugu... ... eta ziztu bizian ibiltzea ez da askatasuna.

5) Zentral termiko eta nuklearretan ekoiztutako itzelezko energia kopurua erabiliko duelako... ... eta kontua ez da kutsadura garbitzea, ez kutsatzea baizik. ... azken batean, aske izateko "ezarri dizkiguten tren anitzetatik" jaitsi
behar dugu.

Horregatik, larunbatean Gasteizen izango den manifestaziora joateko deia luzatzen dizugu:

Nazio manifestazioa Gasteizen. Larunbatean arratsaldeko 5etan Iparralde Auzo Elkartetik abiatuko da nazio izaera duen manifestazioa. Gasteizen, non eta Gasteizen, maila honetako manifestazio bat egiteak duen garrantziaz ohartzen bazarete, bertan egon beharra dagoela berretsi nahiko genizueke. Informazio guztia hemen.

Hau guztiau gutxi balitz, manifestazioa eta gero Mulambo perkusio taldearekin, kalejira egingo dugu Gasteizko gaztetxeraino. Gaztetxean honako taldeek rock maratoia eskainiko dute "Musikaz ere.. AHT eta beste proiektu txikitzaileak gelditu!" lelopean: Mix6t, Jonu, Kuenta Atras, Xopapo eta beste talde bat. Honi buruzko informazioa hemen.

Gazteok ere AHT geldituko dugu! Proiektu txikitzaileen aurka, independentzia!

Itzubaltzeta / Erromoko Segi
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun