Etxebizitzaren aldeko ekimena abian jarri du Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 20a, 13:56

2007ko aurrekontuen proiektua itxitzat eman ostean, Getxoko Udalak albiste ona jaso du Bizkaiko Foru Aldunditik: aurreikusi baino ia 5 milioi euro gehiago (zehazki 4.916.016 euro) emango dizkio. Horrela, datorren urteko aurrekontua %12,5 igoko da. Getxo Biziaren ustez, "aukera ezin hobea da dirutza hori, bere osoan, etxebizitzaren arazoa leuntzera bideratzeko, are Udalaren ohiko jarduera ikutu gabe. Hori bermatzeko bidea aurrekontuan bertan hala zehaztea da". Hori dela eta, alegazioak (pdf) aurkezteko kanpaina bat abian jarri du ezker abertzaleko herri plataformak. Horiek emateko azken eguna abenduaren 1a da, ostirala. Argazkian, etxebizitza duinaren aldeko manifestazioa Bilbon / Etxebizitza Guztiontzat!.

"Esan beharra dago 5 milioi euro horien berri jaso aurretik, Udal Gobernuak bermatutzat zituela behar handienak, bai eta Udalaren ohiko jarduera ere, %7,2 igotzekoa baitzen datorren urterako Aurrekontua (IPCren bikoitzaren gainetik)", azaldu dute Getxo Biziakoek. Horregatik, diru hori premia handiko inbertsietarako bideratzea eskatzen dute herri plataformakoek, "esaterako, azken hilabeteetan guztion ahotan dagoen eta lehen mailako premiatzat jotzen den etxebizitzaren arazoa leuntzeko". "Udal Gobernuak ordea, azken orduko emendakin baten bidez, beste bide bat eman nahi dio dirutza horri: 3 milioi Beste Inbertsio Mugagabe eta Ustekabeko batzuk atalerako (hots, urtean zehar erabakitzeko inbertsioak, aldez aurretik zehaztu gabe), 0,6 milioi Denetariko Gastuak-Mugagabeak eta Ustekabeak atalera (gauza bera, baina inbertsiorik gabe), 1,3 milioi Bideak egiteko Inbertsioak (asfalto gehiago), eta beste partida txikiren bat", salatu dutenez.

Alegazioak non aurkeztu

Herritarren Arretarako Udal Bulegoetan, zuzenean:

- Itzubaltzeta / Erromo (Aurrezki Kutxa 3) 8:00etatik 14:00ak arte.
- Getxo (Benturillena 17) 8:00etatik 14:00ak arte.
- Algorta (Zabala 6) 8:00etatik 14:00ak arte.
- Udaletxea (Foruak 1) 8:00etatik 14:00ak arte.
- Udaltzaingoa (Alango) 14:00etatik 21:00ak arte.

Getxo Biziaren bitartez, euren bulegoan (Torrene, 3), 18:00tatik 20:00ak arte.

Aretxondo eta San Nikolas

Bestalde, Algortako Portu Zaharrean, Aretxondo eta San Nikolas kaleen artean etxeak eraikitzeko eta urbanizatze lanak burutzeko proiektuari alegazioak aurkeztu dizkio Getxo Biziak. Babestutako etxeak ez botatzea, lurrazpiko aparkalekuen sarrera Aretxondo kaletik Etxeandia Apezpikua kalera mugitzea, Aretxondo kalera emango duen etxearen eta Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ekipamendu publiko gisa izendatzen duen zatiaren artean 8 metroko tartea uztea, HAPOk ezartzen dituen eraikinak kontuan hartzea, berdeguneak errespetatzea eta erabilera publikoa duten azalerak ez murriztea eskatzen du, hurrenez hurren, ezker abertzaleko herri plataformak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun