Berdintasunerako zuzendariaren eginkizun nagusiak izango dira, besteak beste, gaur egungo egoeraren diagnostikoa egitea; plan bat egitea, barne-funtzionamenduan eta kanpoko jardueretan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko neurri zehatz eta eraginkorrekin eta berdintasun-plan horretan jasotako edukien segimendua eta ebaluazioa egitea. "Pentsatzen dugu lehenik eta behin diagnostiko sakona egin beharra dagoela ikusteko zein den emakume eta gizonen egoera EHUko hiru estamentuetan: Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalean, Ikaslerian eta Irakaslerian. Diagnostikoarekin agerian geldituko dira gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak eta, noski, ahalegindu beharko ginateke ezberdintasun horien arrazoiak bilatzen", adierazi dute.
Berdintasun Plana
Hau guztia EHUko Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako lehen plana egiteko oinarria izango da. Ahalegin berezia egin beharko da plan horretako neurriak zehatzak izan daitezen, are gehiago jakinda konkrezioak gero planaren jarraipena eta ebaluaketa erraztuko dituela. Jakina, plana aplikatzeko orduan lehentasunak finkatu beharko dira eta adibidez, diagnostikoak erakusten badu ezberdintasunak bereziki handiak direla kolektibo batean, lehentasuna izango dute kolektibo horri zuzendutako neurriek.