1.000 seinale erdaldun baino gehiago desagertarazi dituzte Ezabaketa Astean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 22a, 19:25

Azaroaren 13tik 18ra bitarte egin du Euskal Herrian Euskaraz erakunde euskaltzaleak Ezabaketa Astea. Herriz herri eta auzoz auzo, lurralde osoan egin dira ekimenak. "Euskararik gabe, Euskal Herririk ez!" leloa izan du aurtengo ekimenak. Euskal Herriak bizi duen une garrantzitsu honetan -gure herriaren etorkizunari buruzko eztabaida ematen ari da-, hizkuntzaren gaia ezin da eztabaida horretatik at kokatu. Horregatik, aldarrikapen horrek garrantzi berezia hartzen du une honetan. Eta aipatu aldarrikapena kalean izatea inoiz baino garrantzitsuago egiten du testuinguru politikoak. Testuinguru orokorra kontuan hartuz, ekimen ezberdinak egin ditu eta egingo ditu EHEk. Hauetako bat, aipatutako ezabaketa astea izan da. Hizkuntza eskubideen urraketak salatzea du helburu nagusi ekimen honek. Horretarako, izaera ezberdineko ekimenak egin dira eta baita herritarrei begirako deialdiak ere. 60 herri eta auzoetan egin dira ekimenak eta baita errepide ezberdinetan ere. Orotara 1.000 bide seinaletik gora ezabatu da. Hizkuntza eskubideen urraketa larrien adibide garbia da bide seinaleena. Baina, ez da bakarra.

Ezabaketez gain, arestian aipatu bezala beste hainbat motatako ekimenak egin dira; muralen margoketak, txirrindu martxa, kalejirak, elkarretaratzeak, triki-poteoak ezabaketak eginez, esku orrien banaketak... Eta horrekin batera, hizkuntza zapalkuntza ahalbidetzen duten arlo ezberdinak salatu dira: osasun etxeak (Zornotzan, Durangon, Donibanen, Barañainen, Hernanin...); ospitaleak (Debaldean, udalak (Ondarrun, Lekeition, Elorrion, Atarrabian, Andoainen...); euskalduntzen ez duten ikastetxeak (Txantrean, Errotxapean...); merkatal zentroetan (Hernanin), besteak beste.

Administrazioei begira, eurek duten erantzukizuna salatuz hainbat ekimen egin da. Donostian, adibidez, azken urtetan egin den moduan, udalak euskararen ordenantza ez duela betetzen salatu da. 2004ko ezabaketa egunean ere, hori salatu zen autobusetako markesinetan zeuden erdara hutsezko iragarkiak ezabatuz. Ekimen horretan parte hartzeagatik bi lagun epaitu eta zigortu zituzten, 300 eurotik gorako isuna eta sei eguneko “lokalizazio iraunkorra” ezarri zizkioten bakoitzari. Euskaltzaleek egindako salaketari inongo jaramonik egin gabe jarraitzen du Donostiako udalak, berak egindako euskararen ordenantza bete gabe jarraitzen du.

Administrazioei begira ere bestelako ekimenak egin dira. Izan ere, administrazioei dagokie herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea. Honela bada, hainbat udaletan egindako elkarretaratzeez gain, erdaraz dauden seinaleen entregak ere egin zaizkie. Hala nola, Azpeitian, Andoainen eta Maulen. Mauleko kasuan, Herri Elkargoak konpromisoa hartu zuen erdara hutsez zeuden seinaleak euskalduntzeko eta horretarako aurrekontuko zati bat bideratu behar zuen. Denbora aurrera joan ahala ez dute hartutako erabakia bete eta ezabaketa astearen testuingurua baliatuz, joan den larunbatean Xiberoako hainbat herritarrek seinale horiek kendu eta elkargoari entregatu zizkioten.

Seinale guzti hauek ezabatzeak eta bestelako ekimenak egiteak agerian uzten du hizkuntza eskubideen urraketa larriak egiten direla. Euskal Herri osoan ematen dena eta esparru ezberdinetan, izan administrazioari lotutakoak edota gure bizitzako beste esparruetakoak. Hasieran aipatu dugun une garrantzitsua aintzat hartuz beraz, egoera iraultzeari begira aurrera pausoak emateko garaia dela deritzogu. Euskal Herriaren historiak argi erakutsi digu herri honetan aldaketak, aurrera pausoak eman baditugu herritarrek egindako lan eskergari esker izan dela. Eta hori da une honetan ere aldarrikatu nahi duguna. Horretarako, ezabaketa astean parte hartu duten moduan, gainontzeko deialdietan ere parte hartzera deitu nahi ditugu herritar guztiak.

Ildo horretan, datozen egunetan deialdi ezberdinak egingo ditu EHEk. Ostegunean bertan, elkarretaratzea egingo dugu Gasteizko parlamentuaren aurrean. Izan ere, gaur egun indarrean dauden legediek ahalbidetzen dituzte hizkuntza eskubideak urratuak izatea, euskaldunok bigarren mailako herritarrak izatea. Goizeko 11.30ean izango da elkarretaratzea, Hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat, ofiziltasuna! lelopean. Abenduaren 2an eta 3an (azken egun honetan Euskararen nazioarteko eguna ospatzen da) esku orri banaketak egingo dira herri eta auzoetan, EHEk egoeraren inguruan egiten duen irakurketa herritarrei gerturatu asmoz. Eta abenduaren 6an, Osakidetzako oposizioak hasiko diren egunean, euskararen aurkako oposizioak izango direla salatuko da goizeko 8.30ean egingo den elkarretaratzean. Gure aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko deialdia egina dago beraz. Euskararik gabeko Euskal Herririk ez delako izango eta Euskal Herririk gabe ere euskara ez delako existituko.

Euskal Herrian Euskaraz
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun