Galdaretxeko lanen aurkako helegitean, "hutsune legalak" hartzen dira oinarritzat. "lehenik, inguruaren gaineko eraginari buruzko txostena eskatzen duten zenbait arau legal urratzen ditu proiektuak. Bigarrenik, proiektuak Getxoko Hirigintza-Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) ere urratzen du, errepide bat egin nahi delako oinezkoen gune batean. Hirugarrenik, Kosta Legeari egiten dio muzin, proiektuak aldez aurretiko jendaurreko uinformazioaren tramitea gainditu ez duelako", nabarmendu du Getxo Biziak. Honengatik guztiagatik, lan hauek egiteko erabakia "deuseztatzea" eskatu du herri plataformak. Halaber, eta auzia ebazten den bitartean, badaezpadako neurri gisa lanak gelditzea ere eskatzen da helegitean, "konponezineko kalteak eragotzi ahal izateko". Azkenik, Getxo Biziak berretsi egin du Udalaren jarreraz lehenago egina duen kalifikazioa: "oso modu arinean ari da jokatzen ingurugiroan, hirigintzan eta ondare historiko-kulturalean eragin handia duen proiektu honetan".
Asanbladak
Azken lau urteotako balantzea egin eta datozen udal hauteskundeei begira horiek prestatzeko plana aurkezteko bi asanblada ireki egingo ditu azaroaren bukaeran Getxo Bizia ezker abertzaleko herri plataformak. Lehendabizikoa, ostegun honetan, azaroak 23, izango da Algortako Aldai kulturgunean, 19:30etik aurrera. Bigarrena, berriz, Itzubaltzeta / Erromon izango da: azaroaren 28an, asteartea, 19:30ean, Branka herriko tabernan.