Psikiatriko batean gertatutako hilketa misteriotsuak, babes inmunologikorik gabeko gazte baten lehen irteera, lapur talde batek eragindako beldurra, erretiratu berri baten bizi berria edo La Cruz del Gorbea gaseosaren iragarki labur famatuen moldaketak dira, besteak beste, Erandioko Ategorri-Tartanga Lanbide-Heziketako Institutuko ikasleek iruditan jarri dituzten istorio batzuk. Aukeratutako 12 film laburrak, ikasleek burututako praktiketatik hautatuak, bihar aurkeztuko dira Zinebikluben, labur eta metrai ertaineko formatuen asteroko eztabaida-gunea Abandoko udaltegian, doan eta Bilboko Kultura eta Euskara Sailak antolatua.
Lanak burutzeko, Ikusentzunezkoen eta Ikuskizunen Lanketa hezkuntza-zikloko ikasleek lau partaideko taldetan banatzen dira: zuzendaria, produktorea, kamera eta laguntzailea. Zereginen banaketa txandaka egiten da eta, beraz, ikasle guztiek filmaren arduradun nagusiak dira: gidoia asmatu eta idazten dute, bideo digitalaren filmazioa zuzentzen dute eta hartualdiak editatzen dituzte. Oinarrizko ekipo teknikoa ematen zaie (kamara, tripodea, oinarrizko argiztapen tresnak, eta noizbehinka, kanpoko mikrofonoa eta monitorea). Hortik aurrera, etorkizuneko errealizadoreek aktoreak, jantziak, atrezoa, eszenografia eta film bat osatzen duten beste elementuak lortzeko modua aurkitu beharko dute. Hornikuntza teknikoak izan ezik, produkzioko kostuak ikasleek ordaintzen dituzte.
Muga hauek badira ere, zenbait lanen azken emaitzak etorkizuna izan dezaketela dio Alfonso Vallejo Erandioko Institutuko Ikusentzunezko irakaslea. Zinebiko arduradunekin harremanetan jarri ondoren, filmak ikusi eta Zinebiklub film laburren zikloan sartzea erabaki zuten. Honek 12 filme hauen aurkezpena suposatzen du Ategorri-Tartanga Institutuaren ateetatik kanpo, eta aukeratutako errealizadoreek "ilusio handiz" hartu dute ekimena, "eta estreinaldian propio den urduritasun logikoekin ere", dio Vallejok.
Filmak
Hautatutako lanak (11 gaztelaniaz eta bat euskaraz) honako hauek izan dira: "Obscure", Eneko Txasko (2005); "Gaseosa Cruz del Gorbea", Endika Arkaia (2006); "Mequivoque", Leire Rubiralta (2006); "La increíble historia de un cadaver", Lander Ribera (2006); "Fear slave: Te echo de menos", Alain Beaskoetxea (2005); "Antonio", Asier Abio (2005); "Bajada a los infiernos", Floren Porto (2005); "2 de 4", Eneko Baroja (2006); "Que aproveche", Iñigo Gomez (2006); "Planta de interior", Victor Aguinaco (2005); "Matematikak", Harri Zorroza (2005); eta "Vuelve", Unai Garcia (2006).
Erandioko Ategorri-Tartanga Lanbide-Heziketako Institutua bakarra da Bizkaian Ikusentzunezkoen eta Ikuskizunen Lanketa irakasten duena, bi urteko zikloa lanbide praktikara zuzendua, bai ikusentzunezko industriara baita telebista eta komunikabideetara orokorrean ere.
Zinebiklub laburmetraien zikloa zinema alternatiboko asteroko eztabaida-gunea da eta aurtengo martxoan jarri zen martxan. Bilboko Kultura eta Euskara Sailak antolatzen du ekimen hau Bilboko Film Labur eta Zinema Dokumental Jaialdiarekin (Zinebi) batera, eta DVD eta VHS proiektoreek, Dolby soinua eta 100 pertsonentzako eserlekuak dituen gela bat prestatu dute udaltegian. Ekimenak zenbait helburu bilatzen ditu, eta nagusiena Bilboko zinematografia-eskaintza osatzea da, ezohikoak diren ikusentzunezko produkzio mota bateko programazio egonkor batekin, laburmetraiekin adibidez, zuzendari berrien eskola eta lorbidea.