Leire Pinedo alkategai izendatu du Sopelako Eusko Alkartasunak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 23a, 14:03

Oraindik orain udal hauteskundeetarako sei hilabete falta direla, alderdiek bozketa horietan haien ordezkariak izango direnak aurkezten dihardute. Getxoko EAJ izan zen lehena, Imanol Landa aurkeztuz. Orain, berriz, Sopelako EAren txanda izan da. Pasa den igandean, Leire Pinedo Bustamanteren hautagaitza aurkeztu zuten herrian, Uribe Kostako 50 bat alderdikide eta zaleturen babespean. Haiekin batera, Rafa Larreina EAko antolakuntza idazkaria, Israel Brull Bizkaiko arduraduna eta Mikel Ezkerro Buenos Aireseko alkartetxeko ordezkaria egon ziren, heldu diren udal hauteskundeetan Sopelako Eusko Alkartasuneko zerrendaburua izango den Leire Pinedo aurkezten. Zerrendaburuak agindu zuen “TAO kendu, Babes Ofizialeko Etxebizitzen eskaintza hobetu, gazteen interesak defendatu eta nire auzokideen bizitza hobe dezakeen gauza oro” izango direla beren lehentasunak, “Sopelako Udaleko politika ezkerrera biratuz eta ikuspuntu sozialdemokrata batetik”. Leire Pinedo Bustamantek 30 urte ditu, ekonomian lizentziatua da eta finantza erakunde batean lan egiten du. 2004tik Uribe Kostako Gazte Abertzaleen koordinatzailea da eta egun Sopelako EAko toki batzarkidea ere bada. 2003an, bederatzigarren postuan aurkeztu zen, Jose Maria Pinedo zerrendaburu izan zuen Sopelako EAko zerrendan.

Hauteskunde horietan, euskal alderdi sozialdemokratak 243 botu eskuratu zituen eta ez zuen zinegotzirik lortu. EAJk gehiengo osoz irabazi zuen, 2.846 boto eta 9 zinegotzirekin, Sopela Aurrerak 946 botu eta 3 hautetsi erdietsi zituen, atzean Ezker Batua, PSE-EE eta PP izan zirela, hurrenez hurren 926, 616 eta 561 botuekin. Federalistek 3 zinegotzi lortu zituzten eta Espainiako bi alderdi konstituzionalistek bana. Bestalde, otsaila baino lehen egingo du EAk EAJrekin koalizioan ez joateko erabakia berresten duenetz finkatzeko kongresua, alderdiko 1.603 kidek horrela eskatuta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun