Ertzaintzak A.M. eta S.M. 22 eta 29 urtetako gazteak, hurrenez hurren, atxilotu zituen atzo, Plentziako tabakodenda batetik 1.000 euro indarrez eraman zutela egotzita. Gertaera goizeko 12ak aldera hasi zen, bi lagun takabodendan sartu eta haietako batek erakusmahaiaren barrukaldera pasatu eta tiradera batetik poltsa bat hartu zuen, barruan 1.000 euro baino gehiago, 50 bat telefono-kabinetarako txartel eta eskuko telefonoak birkargatzeko hainbat bono zeudela. Biek ala biek di-da utzi zuten atzean tabakodenda, langilearen oihuen artean. EAEko Herrizaingo Sailaren arabera, “ingurutik zebilen eta zerbitzuz kanpo zegoen euskal Poliziako agente batek” lapurrak ikusi, langilea entzun eta susmagarrien atzetik korrika egin zuen, haietako bat harrapatu arte. Bertsio horren arabera, ustezko lapurrak harrapakina lurrera bota zuen eta ertzainari aurre egiten saiatu zen kuter batez, baina udaltzainak eta ertzain gehiago bertaratuta atxilotu zuten. Ondoren, lapurrek Plentziara heltzeko Ford auto bat erabili zuteneko balizko zantzua ikertu zuten poliziek eta 13:20ak aldera auto hori topatu zuten Plentziako metro geltoki ondoko parkingean. Autoa miatzean, 50 bat metrora dagoen oinezkoentzako zubitik ibiltzen zihoan gazte bat bigarren lapurraren deskripzioa bat zetorrelakoan gelditu eta gainean zeramana arakatu zuten. Gazteak, Ford autoko giltzak zituela eta inolako identifikaziorik eramaten ez zuela, poliziei “etengabeko aitzakiekin” erantzun zienez ertzain-etxera eraman zuten. Ustezko lapurrak gaur dira epailearen aurretik igarotzekoak. A.M. astelehenean ere atxilotu zuten Gernikan kiosko batetik 365 euro eraman zituelakoan.