Aurtengo erakusketen proposamena osatzeko, beste bi erakusketa daude, “De ellas…” emakume irudigile ospetsuen lanekin eta “20-20: Toys-Art”. Halaber, Euskadiko Irudigileen Elkarte Profesionalak (EIEP) "El Balanzin" aldizkariaren bigarren zenbakiari eskainiko dio erakusketa bat. Elkarte horren artistek egiten dute, oso-osorik, argitalpen hau. Azkenik, Getxoko zenbait areto eta tabernatan ere erakusketak izango dira Rober Garay, Simonides eta Rober Gonzalez egileen eskutik.
Artista talde ospetsu eta zabala izango da Areetan
Zaletuek nazioarteko egileez gozatzeko aukera izango dute, gainera, hitzaldietan, aurkezpenetan eta sinadura ekitaldietan hartuko baitute parte, besteak beste. Oraingo honetan aurtengo kartela egin dutenez gain, Albert Monteys eta Manel Fontdevilla, Azokan izango da Salvador Larroca ere, AEBetako merkatuan aitorpenik handiena izan duen irudigile katalanetako bat.
Horiekin batera izango da Phil Jimenez artista estatubatuarra, DC argitaletxeko azken urteetako irudigilerik ospetsuenetakoa. Getxoko Azokan izango da Juan Gimenez sortzaile argentinar ospetsua ere, komiki futuristen munduan egilerik aipagarrienetakoa eta “La casta de los metabarones” bezalako titulu ospetsuen sortzailea. Victor Mora ere azpimarratu beharra dago, gurekin izango da Estatuko komikietako pertsonaiarik ospetsuenetako baten ko-egilea: Capitan Trueno-rena, Azokak omenaldia eskainiko baitio bere ibilbide zabalagatik. Gonbidatutako egileez gain, Getxoko Komiki Azokara etorriko dira beste egile batzuk ere: Jesus Saiz, David Lopez, Sandra Uve, Manuel Bartual, David Rubin, Paco Roca, MAN, Mauro Entrialgo, Paul Grist eta Javier Pina.
Azokan garrantzitsuak izaten dira argitaletxeen eta egileen nobedadeen aurkezpenak ere. Eta ezin ahaztu hitzaldi eta mahai-inguruez, egunero izango baitira ekitaldi aretoan, baita proiekzioak ere, asko zikloetan bilduta. Izan multimediako lanak, izan animazioak, laburmetraiak, dokumentalak edo Animeak, ikusleek komiki munduarekin loturiko zineaz gozatzeko aukera izango dute.
Bestelako jarduerak
Azokak gauza gehiago ere eskaintzen ditu, izan ere, Getxoko Kultur Etxeak hil osoan antolatutako jarduera batzuek komiki munduarekin zerikusia izango baitute. Zine-klubean, esaterako, "V de Vendetta" emango da, Alan Moore eta Dave Gibbonsen komiki ospetsuaren zinemarako adaptazioa. Cinema Paradison, berriz, "Una historia de violencia" eskainiko da, John Wagner eta John Locke-ren eleberri grafikoan oinarrituriko filma, David Cronenberg-ek zuzendua. Gainera, gaztetxoenek "Betizu eta Xangaduko misterioa" animazio-filmeaz gozatu ahal izango dute.
Udal liburutegiek eta Getxoko liburu-dendek ere egingo diote euren ekarpentxoa Azokari. Liburutegiek komiki aukera berezia eskainiko dute eta liburu-dendek Azokarako gonbidapenak oparituko dituzte komikiak erostean.