Aurten, popularren iritziz, preso getxoztarren senideentzako “laguntzak aurreikuspen guztiak gainditu ditu eta getxoztar guztion zergetatik aterako diren eta pertsona horien joan-etorriak ordaintzeko balioko duten 45.000 euroko kopurura heldu da”. Horren aurrean, PPk gogoratu du Getxo “terrorismoak gehien kaltetu duen” udalerrietako bat dela, eta bertan sei bonba-auto jarri, 16 pertsona erail eta hainbat auzokide bahitu eta mehatxatu dituztela, “kale borroka” ere ahaztu gabe.
“Halere”, Arrueren ustean, “Zarraoak eta bere taldeak gertaera horiek ahaztu eta gure herrian terrorismoaren biktimei ezker oneko ekitaldia egiteko bideratu diren proposamen guztiak baztertu dituzte. Agintaldi osoan zehar, EAJ, EA eta Ezker Batuak osatutako gobernu taldeak ez du egin nahi izan inolako omenaldi, oroitarri, kale edo plaza biktimen omenez”.