Babes ofizialeko 32 etxebizitza eraikiko dituzte Algortako bi eremutan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 24a, 20:32

Algortako Iturribarri aldean, Fadura kiroldegitik hurbil, eta Konporten 16na BOE egiteko agindua ematea onartu du, gaurko osoko bilkuran, Getxoko udalbatzak, EAJ, EA eta EB-Berdeen aldeko botoekin. PP eta PSE-EE, aldiz, abstenitu egin dira. Horrenbestez, sei hilabete izango ditu Olabarri enpresak bi egitasmoen gaineko proiektuak aurkeztu eta udal baimenak eskatzeko, etxeak eraikitzen hasi ahal izateko. Gehien jota, 20 hilabete izango ditu horiek altxatzeko. Etxebizitzaren bat eskuratu nahi dutenek Etxebiden eman beharko dute izena eta horretarako baldintzak bete: urtean 9.000 eta 30.000 euro arteko irabaziak izan eta, gutxienez, bost urtez Getxo udalerrian erroldatuta egon, besteak beste. Argazkian, Santa Anako BOEen eraikuntza lanak, Areetan.

Popularren izenean, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko premia, "udal hauteskundeak hurbil daudelako izango ez den", dudan jarri du Eduardo Andrade zinegotziak: "agintaldi osoa daramazue egiten ari edo egingo direla esanez eta Etxezuriko 32 BOEak baino ez dira zozketatu". Besteak beste, Ormetxe (Neguri), San Ana (Areeta) eta Zubilletako (Algorta) proiektuak jarri ditu mahai gainean PPkoak, udal gobernuaren "gaitasunik eza" agerian uzteko. Hala ere, ez du erantzunik jaso, "eztabaidatzen ari ginen bi egitasmoez baino, modu orokorrean ari zirelako etxebizitza politikari buruz", behin osoko bilkura amaituta, Iñaki Urkiza Etxebizitza zinegotziak adierazitakoaren arabera.

Beste egitasmoak

"Getxoztarrek jakin dezatela, PP eta PSE-EE abstenitu ostean onartu dela 32 BOE egitea. Horiek bai babestutako etxebizitzen defendatzaile amorratuak!", bota die Urkizak. Andradek aipatutakoa gezurtatuz, Etxezuriko 32 BOEz gain, Ormetxen, 16 zozketatu eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenez beste 36 etxe eraikitzen ari direla; eta Santa Anako 72ak bidean daudela baieztatu du Iñaki Zarraoa alkateak. Zubilletako 124 BOEi dagokionez, Udala barik, bertoko jabeek sustatuko dituzte, "horietako %60a ados dagoelako", udal agintariek azaldu dutenez. Azkenik, Maidaganeko 54 etxeen atzerapena PSE-EEri egotzi diote, "alderdi horren eraman gintuelako auzitara".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun