Abenduaren 3ko euskara egunaren harira Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak euskalgintzako talde batzuekin batera antolatutako euskarazko jardunaldietan kokatu zen atzoko bertso saioa. Agian horregatik, edo futbolzaleei izandako inbidiagatik, eta Euskal Herriko bertsolaritzan estrainioko aldiz, pantaila handia jarri zuten Getxoko Antzokiko plazan sarrerarik gabe gelditu ziren 100 bat bertsozalek barruko gora-beherak lasai asko jarraitzeko. Agian horregatik edo topikoengatik geroago Iñaki Iturriotz “pijolandian” abestu zuela esango zuen azken agurrean.
Barruan, giro beroa izan zen nagusi sartzerik izan zuten 500 lagunen artean. Azken boladan ohikoa denez, bertsozale belaunaldi berriak aritu ziren norgehiagokan bere bertsolari gustukoena animatzen. Lehiaketa horretan, Onintza Enbeita eta Fredi Paya izan ziren irabazleak. Muxikarraren aldekoek “Aupa Onintza! Fuego a la barraka!” leloko pankarta jartzeaz gain, areto osoan zehar ikus zitezkeen lepoan zapi horiez hornituta. Etxekoak, berriz, franko izan ziren, ALBEkoek zein Payatarren lagunek eta zaleek hainbat jesarleku lerro bete baitzituzten. Horiek ere, plastikoa gastatu zuten Payatarrak animatzen. “Xabi ta Fredi buruz burukora!” Gernikan ikusi ahal izan genuen pankarta birziklatu baitzuten, pintura partxe batzuk eginda.
Alkateak eta Galdaretxe, Portu Zaharreko zabalgunea zein Getxoko 8.500 etxebizitzak
Doinu berri batekin indartsu egun zuen agurra Fredi Payak. Peio Etxebarria “Bonbero”k orain dela aste bat irakatsitako musikarekin batera, Algorta eta Getxo aldetik lekuz leku ibili zen eta bertako jendeari zuzendu zitzaion, egun horretan sikiera “txaletak, obrak ta alkateak” bertsoen bidez burutik kenarazten saiatuko zela aginduz.
Algortarrari egokitu zitzaion zortziko nagusian lehenengo ofizioan abestea, Iñaki Iturriotzekin batera. Andra-gizon edadetuen paperetan, Fredik zahar egoitzara joatea proposatu nahi zion Iñakiri, horretarako bi argudio interesgarri aurkeztu zizkiola: alde batetik, “esklabo” bizitza uzteko eta “oin beste batzuk ein daitela lan / guk ganoraz bizitzeko”; eta beste aldetik, egoitzako “erizainen nibela” kontuan hartuta ere, “pentsau egizu hil arterako oporretan goazela” saiatu zen Iñaki andrea konbentzituz. Alferrik baina, “etxean bezala” ez baitago non egoterik Iturriotzen aburuz.
Ondoren, Enbeitarren derbyak hartu zuen Getxo Antzokia. Lehengusinek gaurkotasun handiko gaia izan zuten hizpide: udal hauteskundeen bueltan gaudela zortzi urtez herriko alkatea izan den Oihanek Onintza hautagai berria zuen aurrean. Gaia urruntasunez eraman zuten baina, halere, biek ala biek lan ona egin zuten ofizioan, bertso ederrak sortuz. Oihane, Zarraoa edo De la Maza balitz bezala Onintza Landa edo Arruebarrenari zakar egin zion: “herri ezer ez zan garaian / egin neutsan nik bisita / gazteei leku nahikoa emon / etxe batzuk eraikita / kultur elkarteek eta abarrek / hartu dabe dinamika / ta dana eginda dagoanean / heldu jaku señorita”. “Matraka”ko kazetariak argi utzi zion “garai berriak” heldu direla, tartean janzkeran ere nabaritzen direnak, “ta hain zuzen be hori da orain / herriak behar dauena”. Bigarren bertsoan, oraindik ere argiago jarrio zion begibistan: “sillan luzaro egon ezkero / bizioak hartzen dira”. Defentsan ere saiatu zen Oihane, batzuetan otsoari buztana ikusten zaiola gogoratuz eta “artilez jantzi izanagatik / ez zara izango ardi” bukatuz. Onintzak, baina, bere lekuan jarri zuen alkate ohia izango dena: “alper alperrik zagoz hain terka / herria nigaz baitago”.
Suhiltzaileen mangera
Iratxe Ibarra eta Joseba Goienolaren txandan, amaren lekuan jarri zen Ibarra eta alabarenean Goienola. Azken horrek ama ona izateko zer behar den egindako galderari erantzun borobila eman zion markinarrak: zama jasatea eta hainbat kuttuna zein laztana egitea, “ondo batean, orain artean / nik zugaz egin dodana”. Josebak ere erantzun polita jarri zion aurrez aurre: “ez dut izan nahi atzoko ama / izan nahi dut biharkoa”.
Okerrago izan zuten zortziko txikian Iñaki Iturriotzek eta Oihane Enbeitak jarritako gaiarekin. Biak andra-gizonak eta gainera tabernariak, taberna ixtea erabaki zuten Athleticek jarraian bi partida irabazi arte. Hor Iñaki desesperatuta ibili zen “Sevillaren kontra” galdutako aukerarekin eta tematu zen “taberna ta Athletic guk maila berera” ekarri behar zituztela. Oihanek ixteko erabakia birplanteatzeko eskatu zuen “jenteak alkoholetan / ein behar dau negar”.
Baina, saioko bertsorik onenak eta umoretsuenak heltzear egon ziren. Onintza Enbeita azken boladan famatu egin den suhiltzaileetako baten buruan jarri zuten. Bernardo Mandaluniz gai emaileak aipatu ez bazuen ere, areto osoak ulertu zuen egutegi sasierotikoa kaleratu berri duten Bilboko suhiltzaileei buruz aritu zela. Bada, Onintza suhiltzaile katxarroak Iratxe amamak suaz inguratuta dagoela esanez egindako deia jaso eta bertaratu zen, baina bertan suaren arrastorik ez zuen topatu. Horrela kexatu zen Onintza, “tonto aurpegiaz”, dei faltsuagatik: “alperrik deitu dozu / oraingo honetan / barruko sua ez dogu / eta amatetan”. Amamak, baina, ez zuen etsi nahi izan eta lotsagabe “«pentsatu dot deitzea/ hoba neukala, ai / ur premiarik ez dot / mangerarena bai” bota zion. Bizi-bizian, Onintzak ezetz: “zerbitzu orduetan / ezin dot atara”; Iratxek baietz: “atera ezin badozu / aterakot, aizu!”; eta Onintzak berriro ezetz: “dutxako ur hotza be / zuk nahikoa dozu”.
Fredi moja nagusia
Horren pareko buruz-burukoa izan zen hurrengoa, Fredi Payak eta Joseba Goienolak parte hartutakoa. Joseba mojak amets erotikoak izan ostean Fredi moja nagusiarengana jo du kontua azaltzera: “Jainkoak nire ohetik / egiten du buelta / kuleroak bustita / esnatzen naiz eta”. Fredik “heresia” salatu ostean, adi ibili zen gaia aurreko bertso sortarekin lotzeko eta agindu zuen “laster kendu behar dot/ hau kalbarioa!/ sakristiko bonberon/ kalendarioa”. Goienola moja erreguka hasi zen: “nik ez daukat kulparik / barkatu nazazu”; eta Fredi erruki zitzaion: “lasai biok egiten / dogula berdina”. Eta azken bertsoan, moja asegaitzen arteko hizketaldian Goienolari itaundu zion “zergatik uste duzu / kontratatu dugula / monagillo baltza?”.
Hamarreko txikian ere ez zen umorerik falta. Iñaki Iturriotz eta Iratxe Ibarra irla batetan hiru urtez igaro duten bi naufragoen paperean jarri ziren. Egun batean, itsasontzi bat hurreratu zaie Iñakiren poztasunerako. Iratxe, berriz, ez da hainbeste poztu. Iñakik alde egiteko gogoa adierazi zion Iratxeri: “polita zara baina / kantzagarria be”. Iratxek, ordea, ez zuen ikusten une horretan joan beharrik “justu ni maitemintzen / hasi naizenean”. Iñaki prosaikoago izanez, harira joan zitzaion, kondoiak amaitu eta “ordundik hau, Iratxe / hau ez da bardina”. Ostean, Iratxe “dena dogu polita / zuhaitz ta lorea” hasi zen uhartearekin miretsita, baina ondoren Iñakiren bertute ezkutuak goratzeari ekin zion: “baina zure txoria /askozaz hobea”. Dena den, ez zuen Iñaki gelditzea lortu eta beste norbaiten zain gelditu zen: “beste naufragoren bat / etorriko jata”.
Onintza airbag-a
Gertaera batek lotutako beste bi pertsona izan ziren Onintza eta Fredi. Kasu honetan, Paya gidari zela, biak eramaten zituen autoak istripua izan zuen, bertsolariak kostata irten zirela bertatik. Biak kotxeari begira gelditu zirenean, Fredi hasi zen Porschegatik eta maileguagatik penatzen baina dena den kopilotuari esker onean zuzendu zitzaion: “mila esker Onintza / nire airbag maitea”. Onintzak atakean baina umoretsu hartu zituen algortarraren hitzak: “burua bularrera / bota dozu baina / hori ez zen golpea / gelditzeko haina”. Despitatuarena egin zuen orduan Fredik: “konturau ez naz egin / Onintza, jakina” eta egoeraren gazi-gozoaren berri eman zuen: “sentsazio bitxia / azaldu ezina / bihotzean poza ta / poltsikoan mina” (...). Onintzak, baina, bere iritzia landuta zeukan jada eta “bihotzeko pozana / dala gehiegia / buruan hartu dozu / kolpe handiegia” bota ostean seko utzi zuen etxekoa azken bertsoan: “ikuturik bez egin / nire eskuari / autostop ingo dot / hori daukot argi / kotxea zeurea zan / itxaron gruari”.
Oihane Enbeita eta Joseba Goienolaren arteko ofizioak ere bertso ale politen bat utzi zuen. Ohiane aititeak testamentua idazteko laguntza eskatu zion Joseba lobeari. Oihanek arazoak izan zituen hasieratik “A eta B” kontabilitateak bereizteko. Josebak, baina, interesa baino ez zeukan buruan: “etxea ta basoak / bai Josebarentzat / ta beti izango zaitut / gogoan ta aintzat”; eta gaian aurreratzen ziren heinean zinikoago jokatu zuen Oihanek diru gabe utziko zuela jakinda. Horrela, erdi-itsu zegoelakoan aitonaren esanak entzun “eta idatziko dut / nik neuk nahi dudana” erabaki zuen Josebak. Azken bertsoan herentzia laga baino lehen hiltzear dagoen Oihaneri oihu traumatikoa ere bota zion: “firma bat, azkar, azkar / bota hor, aitona!”.
Emakumeen kontrako bortizkeria
Kartzelara helduta, Fredi izan zen lehena abesten. Aurreko eguneko datarekin guztiz lotua zen lehenengo puntuak horrela zioen: “emakumearen aurka / zenbat indarkeri”; eta Fredik artez erantzun zuen: “nire uste apalean / agian larregi / indarkeri horrekin / kontra dago Fredi / bertso izan daitela / laister amai bedi”. Bigarren puntuan, Bernardo Mandaluniz gai emaileak Frediri “ezin ezer ikasi / hanka sartu ezik” kartzelako puntua irakurtzean “barik” bukatu izanak eta puntu osoa errepikatu ez izanak kaltetu zuen etxekoa, baina bera ondo moldatu zen aurreko gaiarekin lotuz eta geroago “anekdota”tzat jo zuen gertaera.
Gaiari dagokionez, “gaixo luze batek jota urte bi ohetik urten barik egon zara. Gaur atzera zapaldu duzu kalea” izan zen antolakuntzak sei bertsolariei hiruna bertso egiteko jarritakoa. Fredik sei puntu oktosilabikoz osatutako doinupean lan txukuna egin zuen, lehenengoa horrela amaituz: “kotxez ta jendez gainezka / hortxe dabil ingurua / ni barik be bardin bardin / aurrera doa mundua”. Hurrengo bertsoan, aldiz, betiko Frediren papera jokatu zuen: “etxean geratzeari / egin behar neukan uko / bestela urte luzetan / nintzelako damutuko / berriz ikusi nahi nendun / urruneko ta gertuko / etxe ondoko tabernara / zelan enintzan sartuko? / Ni ikusiz harritu da / makina bat lagun urko / Ez zinaten horren erraz / Fredigandik libratuko”.
Agur oheari
Oihanek, berriz, familiarekin lotu zuen gaiaren gaixotasuna eta minbizia duenaren rola hartuta, horrela bukatu zuen amaren etxeraino eramango zion azken bertsoa: “zure alaba ez da gogorra / ta barkatuidazu ama”. Onintza bere lehengusinak oso ondo osatu zituen bertsoak zein egoera eta lehenengoari horrelako amaiera eman zion: “nahiz begietan ondinokarren / daukadan min nabaria / sekulan ez dot hainbeste estimau / eguzkiaren argia”. Bigarrenean, bularra kendu, sabela mindu eta kimioterapia egin ziotela aitortu ostean “eta badakit sufrimenduak / merezi izan dauela” bukatu zuen. Hirugarren bertsoan bizitza erronka berri batetik ikusi eta 100 urte bete arte “maratoi osoa” egingo zuela agindu zuen.
Iratxe Ibarrak, aldiz, inork baino hobeto erantzun zien jarritako puntuei. Horrela, “emakumeen aurka / hainbat indarkeri” puntuari, horrela eman zion segida: “ta batzuen partetik / hainbat tontakeri / hemen egin orduko/ hainbeste aberi / Ezin dautsegu utzi / luzatzen gehiegi”. Bigarren puntua aurrekoa lotuz “legearen aurrean / gu beti biluzik” amaitu zuen.
Azkena abestuagatik ere, bukaera on batzuk eman zituen Joseba Goienolak. Bigarren bertsoan horrela itxi zuen gaixoaldia: “agur eta betirako / nire ohea goxoa”. Eta hirugarrenean, harro agertu zen bi urte lotan pasatu bazuen ere, “beste bi pasako ditut / orain lo egin gabe” aitortzean.
Agurretan, torturatik publizitatera
Agurretara helduta, ironiko eta zorrotz jokatu zuen Fredik: “zer zortzi foko nire aurpegian / komisaldegi antzera / eta Bernardo komisarioak / jokatu du despistera / Hasieran ‘barik’ ta gero ‘ezik’ / nire koartada gainbehera” eta kartzelako saioan inkomunikazioa pairatu zuela salatu ostean, poltsa, elektrodo, “listina” eta bainera “faltan” izan zituela aitortu zuen, batez ere, “Euskaldunara kondenatzera / nahi dodalako gainera”.
Iratxe Ibarrak, berriz, bertso-iragarkia egiteko baliatu zuen agurra eta bihar Algortan bertan, The Piper´s Irish Pub tabernan, Onintza Enbeita eta Oihane Perearekin batera emango duen “Emetik” ikuskizunaren berri eman zuen: “kabaretagaz etorriko naz / jakina, luma jantzita”.
Saioa sailkapen honekin bukatu zen: Iratxe Ibarra (520,5 puntu), Onintza Enbeita (515,5), Fredi Paya (501,5), Oihane Enbeita (496,5), Joseba Goienola (493,5) eta Iñaki Iturriotz (449,5).