Ander Deuna eguna ospatuko dute ostegunean Barrikan eta Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 27a, 18:53

Datorren azaroaren 30erako, osteguna, Ander Deuna eguna dela eta, hainbat ospakizun antolatu ditu Barrikako Udalak. Ekitaldiak Goierrin izango dira guztiak, goizeko 11:30ean hasita. Ordu horretan meza nagusia egingo da. Ondoren, Jon Lopategi eta Jon Azpillaga bertsolariek bat bateko saioa eskainiko dute plazan, eta honekin batera luntx edo mokadua hartzeko aukera izango dute bertara joaten direnek. Erromeria txistulariek alaituko dute uneoro. Sopelan, berriz, herriko kale nagusiak zeharkatuko ditu Barinatxe txistulari taldeak, jai egunaren berri emateko asmoz. Eguerdiko 12etan, berriz, meza nagusia izango da, Ander Deuna baselizan. Meza amaitzean ohorezko aurreskua eskaini eta, ondoren, erromeria egongo da, jateko eta edatekoarekin. Argazkian, sopeloztarrak Ander Deuna eguna ospatzen izen bereko baselizan / Sopelana.net

Doako autobusak Sopelan

Baselizara joan nahi duten guztiek doako autobus zerbitzua izango dute Udaletxeko plazatik. Irteerak 11:15ean eta 11:30ean izango dira. Itzulerak, berriz, ordu erdiro 13:00etatik aurrera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun