EAEko aurrekontuetan euskarari %2a bideratzea aldarrikatu du Kontseiluak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 27a, 18:58

Euskararen Gizarte erakundeen Kontseiluak EAEko aurrekontuen proposamena aztertu du. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko baliabideen hazkundea ezinbestekoa dela uste dute Kontseiluko ordezkariek. "Hizkuntza-politika eraginkorrak babes ekonomikoa behar du euskararen normalizazioan atzera egin nahi ez bada", adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek (argazkian). Hain zuzen ere, Kontseiluak uste du aurrekontuen %2 euskararen sustapenerako izan behar duela gutxienez. "Aurkeztutako aurrekontuetan oraindik %1,3 besterik ez da euskararentzat, kultura sailak ez du Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) igoera ere izan 2006ko partidarekin konparatuta", argitu dute Kontseiluko ordezkariek. 2006ko aurrekontuarekin alderatuz %14ko igoera izan du 2007koak. Halere, garraio sailak %18,8ko igoera izan duen bitartean, kulturak %2,7 besterik ez du izan; beraz, ez du KPIari dagokion %2,9ko igoera ere izan. "Izan ere, KPIa bera handitzen ez denean erosmena galtzen den neurrian atzera egitea da", salatu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Halaber, Kontseiluko bozeramaileek aitortu dute 2007ko aurrekontuek 2006koen antza handia dutela, "horien jarraipena dela esan genezake; are gehiago, bereziki azpibaloraturik gelditzen dira beste sail batzuk izan duten igoera handiarekin konparatuz", azpimarratu du Mendigurenek. Bestetik, aipatu dute EITBk kultura saileko aurrekontuaren erdia jasotzen duela, "beraz, bi kanalen arteko desberdintasun handia kontuan hartuz, gaztelania edo euskara sustatzen ari ote den zalantza izatekoa da".

Osakidetza eta Ertzaintza euskalduntzeko kopurua ez da nabarmen agertzen Kontseiluaren azterketaren arabera. Nahiz eta bi sailetan euskalduntze plana abian egon, aurrekontuetan ez da horren informazioa garden azaltzen. "Ertzaintzaren kasuan, adibidez, planaren ebaluazioa ez da ezaguna", azaldu dute.

Hizkuntza-politikaren aurrekontuak:

Euskalgintzari dagokionez, berezkoa duen partidan igoerarik ez dago, ez da aplikatzen KPIa bera ere.

2006: 1.250.000 euro.
2007: 1.250.000 euro.

Euskararen sustapena teknologia berrietan:

Teknologia berriak garatzeko xedez onartutako kopuruak murriztu egin dira aurten 565.000 eurotan.

2006: 1.965.000 euro.
2007: 1.000.000 euro.

Komunikazioaren teknologietan euskara garatzeko 400.000 euro.

Euskarazko hedabideak garatzeko partidak 500.000 eurotan handitzen badira ere urrun dago sektoreak dituen beharretatik. Gure ustez, kontzeptu horretan 1.000.000 euro gehiago behar da, hau da, gaur egungo prentsa idatziaren iraunkortasuna bermatzeko kopurua da hori. Halere, produktu berrien inguruko azterketa egin behar da sektorearen inplikazioarekin eta horrek inbertsio berriak ekarri behar ditu.

2006: 4.750.000 euro.
2007: 4.250.000 euro.

Telebista lokalak epe laburrean errealitate izango diren arren, eta proiektu bat gutxienez iragarri bada ere, ez da dirurik aurreikusten proiektu horien garapenerako. Lurreko telebista digitala sustatzeko ez dute 500.000 euro besterik aurreikusi. 2.000.000 euro gehiago beharko luke partida horrek.

Erabilera sustatzeko bereziki pentsatutako partidarik ez da ageri, nahiz eta hizkuntza politikaren sailburuordetzaren kezka nagusietakoa izan, hitzez behintzat.

Lantokietan euskararen erabilera planak garatzeko diru laguntzen kontzeptuak ere ez du igoera nabarmenik nahiz eta 2006. urtearen bukaeran 'Lanhitz' aurkeztu. Kontseiluaren ustez, lan munduaren euskalduntzeak duen izaera estrategikoa kontuan hartuta 2.500.000 euro gehiago beharko lirateke.

2006: 2.350.000 euro.
2007: 2.420.000 euro.

Hezkuntza Saila

Hezkuntza sailak otsailean eskolak euskalduntzeko ereduak gaindituko dituen proposamen bat aurkeztu beharko du Legebiltzarrean. Dudarik gabe edozein erreformak baliabideak eskatuko ditu baina ez dira aurrekontuetan ageri.

2006: 45.392.741 euro.
2007: 46.088.072 euro.


HABE

Bai Udal Euskaltegiek, bai gainerakoek ere oso igoera txikiak izan dituzte. Lan baldintzak, oraindik ere ez dira parekatu irakaskuntzan aritzen diren gainerako profesionalek dituztenekin eta helburu hori lortzeko kopuruak handitu egin beharko lirateke.

Euskaltegi pribatuak

2006: 19.963.000 euro.
2007: 20.140.000 euro.

Udal euskaltegiak

2006: 9.250.000 euro.
2007: 9.855.000 euro.

HAEE (IVAP)

Aurrekontu orokorra jaitsi egin da.

2006: 16.931.000 euro.
2007: 16.984.000 euro.

Hutsune horien guztien ondorioz, Kontseiluak euskararen normalizaziorako urratsak ematearen beharra jendarteratzeaz gainera, alderdi politikoei hainbat zuzenketa proposatu dizkie. "2007an euskararen normalizazioak behar duen sustapen ekonomikoari aurre egiteko gure ekarpena zuzendu diegu alderdi politikoei, diru partida bakoitzean behar den igoera azalduz", bukatu du ildo politiko-instituzionaleko arduraduna den Iñaki Lasak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun