Arratsaldean herri batzarra egingo du Itzubaltzetan Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 28a, 14:38

Laster lau urte beteko direla Getxo Bizia ezker abertzaleko plataforma sortzeko prozesua hasi zenetik, hartatik hona “apartheid politikoa” pairatu arren plataformak egindako lanaren balorazioa eta datorren urteko udal hauteskundeei begirako lan plangintza egiteko herri batzar bana deitu zuten Getxo Biziko kideek Getxo udalerriko gune populatuenetan: Algorta eta Itzubaltzeta / Erromo. Lehenengo batzarra aurreko ostegunean, hilak 23, burutu zuten Algortako Aldai patronatuan. Gaur, berriz, Itzubaltzeta / Erromoko Santa Eugenia plazako kultur etxean egingo dute, arratsaldeko 7:30ean. Argazkian, Josu Amezaga Getxo Biziko hautetsia.

Getxo Biziaren oharra:

Asteartean Getxo Biziaren Itzubaltzetako asanblada izango da. Kultur etxean izango da arratsaldeko 7.30etan.

Gaiordena:
- 4 urteko balantzea
- Udal hauteskundeetarako lan plana

Laster 4 urte beteko dira Getxo Bizia plataforma sortzeko lehenengo urratsak eman genituenetik. 2003ko otsailean sorrera ekitaldia ospatu genuen Txiki eta Otaegi plazan, eta maiatzean udal hauteskundeak izan ziren.

Une hartatik bertatik duintasunez eta tinkotasunez egin genion aurre ilegalizazioari, baldintzarik okerrenetan hautestontzietan milaka boz errebelde, ezkertiar eta independentista jasoz.

Apartheid politikoa urte hauetako ezaugarri nagusia bilakatu da. Egoera gainditzeko neurri legalak proposatu ditugunean, aitzaki merkeekin erantzun digute eta oinarrizko eskubide demokratikoen inguruko eztabaida nola edo ahala desbideratu nahi izan dute. Guztiaren ondoren gainera, demokrazia lezioak eman nahi dituzte oraindik ere!

Baina sasi politikari hauen lotsarako Getxo Bizia hemen da, eta ez da makala urte hauetan burutu dugun lan politikoa eta herri lana.

Egindakoari buruzko hausnarketa egiteko eta aurrean ditugun 2007ko udal hauteskundeak prestatzeko asanblada egin dugu jadanik Algortan eta aste honetan Itzubaltzetan elkartuko gara.

Une historiko berezi bezain garrantzitsu honetan guztion parte hartzea behar beharrezkoa dugu!

Getxo Bizia
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun