Imanol Garai aukeratu du Sopelako EAJk alkatetzarako hautagai. Horrenbestez, egun alkatea dena izango da zerrendaburua 2007ko maiatzeko hauteskundeetan. Atzo bertan, azaroak 27, egin zuten herriko jelkideek aurkeztu ziren
bi zerrenden arteko bozketa. Alderdi horretako iturriek jakinarazitakoaren arabera, Garairen hautagaitzak erabateko gehiengoa lortu zuen. 200 kide inguruk esku hartu zuten batzarrean, azken urteetako jendetsuena izanik. Alderdiko zerrendaburu hautatu dutenetik eginiko lehen adierazpenetan, “herritarrentzat ahalik eta egitasmo erakargarriena aurkezten” saiatuko dela esan zuen alkateak. Batzarraren ondoren, “alderdiak daukan indarra” azpimarratu zuen, “herriko alderdikide gehienek esku hartu baitute bozketan, hurrengo udal hauteskundeekin duten konpromisoa zenbaterainokoa den erakutsiz”. Argazkian, Imanol Garai Sopelako alkatea eta 2007ko hauteskundeetarako alkategaia.