Urduliztar arduradunen asmoa da, dokumentu honen bidez, "udal politikak gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasun egoerak gainditzera bideratzea". Ildo horretan, gogora ekarri dute Behargintzak, 2006ko lehenengo hiruhilekoan emandako datuen arabera, udalerriko langabezia-tasetan aldeak txikiagoak direla adinik txikienetan; baina 35 eta 59 urteen arteko adin-taldeetan emakumeen langabezia-tasa gizonezkoena baino askoz handiagoa dela. Halaber, 28 gizon langabeturen aldean, 46 emakume langabetu daudela ikusten da. Gainera, beren ardurapean adingabeko bat edo gehiago dauzkaten guraso bakarreko familien buruak amak dira. Bestalde, unibertsitate-ikasketak amaitzen dituzten emakume gehienek Gizarte Zientzien, Osasunaren, Gizarte Zerbitzuen, Irakasle-ikasketen eta Haur Hezkuntzaren adarrak aukeratzen dituzte; gizonek, aldiz, Prestakuntza Teknikoaren eta Industrien adarra. "Dibertsifikazio hori bat dator emakumeei eta gizonezkoei tradizioan esleitu zaizkien zereginekin; emakumeen kasuan, besteren zaintzarekin zerikusia daukaten lanbide-adarrak dira", Oleak zehaztu duenez.
Urtebeteko iraupena
Horrela, 2007ko irailera arte indarrean egongo den planteamendu hori "Udalaren barruan erakunde gisa nahiz udalerriko bizimoduan berdintasuna sustatzeko jarduera-eremu eta tresna gisa sortu da", alkatearen hitzetan. Epe laburrean egingo diren jardueretako bat politikarientzako eta udal teknikarientzako berdintasun-politikei buruzko prestakuntza-ikastaroa izango da. Hori urteko lehenengo hiruhilekoan egingo da. Halaber, herritarren partaidetza-foroa sortuko da; bertan egongo dira udalerriko emakumeen elkartea, zenbait eragile politiko eta langile teknikoak ere bai.