Hilabetearen azken asteazkenarekin batera, gaur, azaroak 29, euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak burutu dira hainbat unibertsitate eskolatan,
Presoen Aldeko Taldeek deituta. Leioa eta Erandioko EHUko campusari dagokionez, 90 lagun elkartu dira, "Iñaki de Juana gose greba mugagabean. Baldintza demokratikoak orain! Estatus politikoa orain!" irakur zitekeen pankartaren atzean, PATek emandako datuen arabera. "Egoerak horrela eskatuta, Iñaki de Juanaren egoeraren salaketan oinarritu dira aipatu kontzentrazioak eta, horretarako, Iñakiren askatasuna eta preso politikoen estatus politikoaren onarpena aldarrikatu dira. Horrez gain, gatazkaren konponbiderako prozesua benetan demokratikoa izan dadin, baldintza demokratiko minimo batzuk ezinbestean bete behar direla azaleratu da, baita bide honetatik, espetxe-frontean espainiar eta frantziar estatuek darabilten politika errepresiboa etetea ezinbestekoa dela ere", azaldu dute errepresioaren aurkako erakundeko kideek. Argazkian, gaurko kontzentrazioko irudia / PAT.