Telefonia antenen aurkako kontzentrazioa egingo dute bihar Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 29a, 20:31

Antena Ez Getxoko elkarteak, Zabala ikastetxeko gurasoek eta Berdeek kontzentrazioa deitu dute biharko, osteguna, arratsaldeko 7:30ean Telletxe plazan, udalerrian sakeleko telefonoentzako antenen zabaltzea geldi dadin. Bereziki, ikastetxeen inguruan, Xfera enpresak Juan Bautista Zabala kaleko hirugarren zenbakian, “Zabala ikastetxetik metro eskasetara”, berriki saiatu den bezala, bertako Ikasleen Guraso Elkarteak eta Antena Ez elkarteak salatu dutenez. 15 urtetik hona, gutxienez 33 antena jarri dira Getxon zehar, aurtengo ekainean sortu den elkarte honek dakienagatik, baina kopurua askoz altuagoa izan daiteke EAJk gobernatzen duen Udalak behin eta berriro ukatu baitie antenei buruzko datuak, nahiz eta elkarteak zortzi galdapen jarri dituen, datu horiek eskuratzeko eta antena gehiago jar ez dadin luzamendu bat eskatzeko. Bere aldetik, biharko hitzorduan parte hartzera deitu du Getxo Biziak. Argazkian, Aldapa kaleko 9. zenbakian dagoen antenaren inguruan minbiziagatik 14 hildako zenbatu dituzte / Antena Ez.

Getxoko Udaleko Hirigintza Arlotik Zabala ikastetxeko gurasoei esan diete “gaur egun” ikastetxetik gertu ez dagoela antena bat jartzeko eskaerarik. Era berean, ematen du Xfera utzi diola Jaun Bautista Zabala kaleko hirugarren zenbakian antena jartzen saiatzeari, baina gurasoak ez dira fidatzen eta dagoeneko hortik gertuko beste nonbaiten saiatuko direlakoan daude. Gainera, baimena ez eskatu izanak ez du ezer adierazten, Antena Ez kolektiboaren datuen arabera, udalerrian dauden 33 antenetatik 12 baino ez baitira iragarri Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Beste guztiek ez dute Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Legea betetzen eta hori dela eta horiek eta ikastetxeetatik edo osasun etxeetatik gertu daudenak kentzea eskatu dute etengabe Antena Ez eta Berdeek.

”Capone bezala”

Bitartean, eta Iñaki Zarraoak ez duenez antenei buruzko datuak Getxoko hiritar eta kolektiboei ematen, Berdeetako Francisco Garrido diputatu sevillatarrak egindako eskaerari erantzunez, Espainiako Kongresuak pasa den azaroaren 15ean eskatu zizkion datu horiek Getxoko Udalari. Garrido Areetan izan zen orain dela hilabete batzuk Antena Ez taldeko kideekin eta orduan hartu zuen konpromiso hori. Era berean, getxoztarrak animatu zituen datu horiek hartuta, haiek dituztenekin zein Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasunean eskura daitezkeenekin alderatzeko, konpainiek zer antenengatik ez dituzten zergak ordaintzen jakiteko, eta salatzeko. “Azkenean, Capone bezala, zergengatik erortzen dira” esan zuen orduan diputatu berdeak. Gauza bera telefonia enpresetatik dirua jaso duten komunitateekin ere egin daitekeela gogoratu zuen. Miguel Angel Urrutiaren ustez, maula 67 milioi eurokoa baino handiagoa izan daiteke.

Garridoren ustez, diruarena inondik inora ez da garrantzitsuena, baina normalean kutsadura elektromagnetikoa ez dago onartuta eta horretaz kexatzen diren auzokideei zoro moduan tratatzen zaie. Testu-inguru horretan kokatu zuen gaur egungo Espainiako Osasun ministroa telefonia konpainia batean 7 urtez lan egin izana. Gainera, medikuek ere ez daukate horren inguruko informazioa, nahiz eta ikerketa nahiko dagoen elektromagnetismoa ez dela kaltebakoa probatzeko, eta auzokideek izan ditzaketen sintomak tratatzeari ekiten diete, arazoaren oinarriari heldu gabe. Horregatik, antenen zabaltze etengabekoari “munduko esperimenturik handienaren aurrean gaudela” deritzo, eta tabakoarekin azken hamarkadetan gertatukoarekin parekatu zuen.

14 hildako 300 metrotan

Bestalde, Antena EZ elkarteak salatu du 23 minbizi-kasu eta 14 hildako zenbatu dituztela Algortako Aldapa auzoan, hain zuzen ere sakeleko telefonoentzako bi antenen eraginpean dauden 300 metro karratuetan. Antena horiek Aldapako 9. zenbakian eta Gaztelumendi kaleko 30ean daude, “azken hau 0 eta 2 urte bitarteko haurtzaindegi batean”. Elkarteak antena horiek kentzea eskatu du, “antenen eta minbiziaren arteko kausa eta ondorioa erlazio zuzena ezin izango denez inoiz frogatu”, antenak kenduta minbizi proportzioa mantentzen den ala “mirari baten gisan” jaisten den aztertzeko. Era berean, Getxoko Udalari ikerketa epidemiologikoa egitea eskatu diote, “Mikrouhinen sindromea” probatutzat eman duten hainbat ikerketan oinarrituta.

Getxoko Udalak elkartearekin mantendutako jarrera itxiaz gain, Antena Ez taldeko Miguel Angel Urrutiak UKBERRI.NETi adierazi zionez, gehitu egin behar zaio EAJ, PP eta Ezker Batuarena, elkarteari kasurik egin ez baitiote. PSE-EEren kasuan, berriz, hasieran jarrera bera izan arren, azkenean, pasa den azaroaren 20an, Luis Almansa alderdi horretako zinegotzi eta bozeramailea bildu zen udaletxean elkarte ekologistako hainbat kiderekin. Getxo Bizia ere hainbat kontaktu izan du antenen kontrako taldearekin, eta Berdeak alderdia hasieratik sostengatu du ekimena.

”Ez gaude antenen kontra”

Berdeetako kidea den Iñigo Agirrek antenei buruz Areetan eman zuen hitzaldian azaldu zuenez, “ez gaude sakeleko telefonoentzako antenen kontra, onak baitira komunitatearentzat, baina bai gaude horiek neurririk gabe zabaltzearen aurka, batez ere zonalde populatuenetan. Konpainiek azpiegiturak eta antenak partekatu behar badituzte, egin dezatela”.

Miguel Angel Urrutia Antena Ez kolektiboko kidea ezkorra da horretan: “belaunaldi berriko sakeleko telefonoen sarrerarekin, orain arte jarri dituzten antenak jarriko dizkiguten %10 baino ez dira izango, agian”. Horregatik, Eibarren egin duten bezala, kokalekuak partekatzeko alde agertu da: Gipuzkoako udalean 3 antenek ematen dute zerbitzu guztia Getxon 33 dauden bitartean. Baina, hortik haratago joan behar da, bere ustez, jendearen osasuna bermatzeko. Urrutiarentzat, antenek behar dituzte orain ez duten arautegi bat, kokalekuen ezagupen publikoa, galdapenak jartzeko aukera, kutsadura elektromagnetikoa kontuan hartuko dituzten ingurumen ikerketak aurretik egitea, Osasungintzarako Mundu Erakundeak (OME) eskatzen duen bezala etxebizitza eta babes bereziko kokaguneetatik urrun egotea, eta abar.

Horrelako baldintzak eskuratu bitartean, antena berriak jar ditzaten ekiditea eskatzen dio Urrutiak Udalari, baina beste lekuetan ez bezala, “Getxon bakoitzak jartzen du antena nahi duen lekuan”. Horrela gogoratu du Erandion luzapena indarrean dagoela eta Portugaleten, berriz, udal esparruetan baino ezin da antenarik jarri.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun