Etxebizitzan 5 milioi inbertitzeko galdapena aurkezteko epea amaitzear dagoela azken deia egin du Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 29a, 21:11

Etzi, ostirala, bukatuko da Getxo Udaleko aurrekontuei alegazioak aurkezteko epea eta, hortaz, Getxo Biziak orain dela 10 bat egun abian jarri zuen galdapena ere abenduaren 1era arte sartu ahal izango denez, azken egun hauetan ahalegin berezia eskatu die getzoztarrei. Alegazioan, Udalak Bizkaiko Foru Aldunditik jaso dituen aurreikusitakoa baino 4.916.016 euro gehiago etxebizitzan inbertitzea eskatu zuen ezker abertzaleko herri plataformak, “oraindik berdea dugun Getxoko eremua ikutu gabe, etxebizitza publikoan inbertitzeko izan daitezen”. Argazkian, etxebizitza duinaren aldeko manifestazioa Bilbon / Etxebizitza Guztiontzat!.

Getxo Biziaren ustez, "aukera ezin hobea da dirutza hori, bere osoan, etxebizitzaren arazoa leuntzera bideratzeko, are Udalaren ohiko jarduera ikutu gabe. Hori bermatzeko bidea aurrekontuan bertan hala zehaztea da". Hori dela eta, alegazioak (pdf) aurkezteko kanpaina bat abian jarri du ezker abertzaleko herri plataformak. Horiek emateko azken eguna abenduaren 1a da, ostirala.

"Esan beharra dago 5 milioi euro horien berri jaso aurretik, Udal Gobernuak bermatutzat zituela behar handienak, bai eta Udalaren ohiko jarduera ere, %7,2 igotzekoa baitzen datorren urterako Aurrekontua (IPCren bikoitzaren gainetik)", azaldu dute Getxo Biziakoek. Horregatik, diru hori premia handiko inbertsietarako bideratzea eskatzen dute herri plataformakoek, "esaterako, azken hilabeteetan guztion ahotan dagoen eta lehen mailako premiatzat jotzen den etxebizitzaren arazoa leuntzeko". "Udal Gobernuak ordea, azken orduko emendakin baten bidez, beste bide bat eman nahi dio dirutza horri: 3 milioi Beste Inbertsio Mugagabe eta Ustekabeko batzuk atalerako (hots, urtean zehar erabakitzeko inbertsioak, aldez aurretik zehaztu gabe), 0,6 milioi Denetariko Gastuak-Mugagabeak eta Ustekabeak atalera (gauza bera, baina inbertsiorik gabe), 1,3 milioi Bideak egiteko Inbertsioak (asfalto gehiago), eta beste partida txikiren bat", salatu dutenez.

Alegazioak non aurkeztu

Herritarren Arretarako Udal Bulegoetan, zuzenean:

- Itzubaltzeta / Erromo (Aurrezki Kutxa 3) 8:00etatik 14:00ak arte.
- Getxo (Benturillena 17) 8:00etatik 14:00ak arte.
- Algorta (Zabala 6) 8:00etatik 14:00ak arte.
- Udaletxea (Foruak 1) 8:00etatik 14:00ak arte.
- Udaltzaingoa (Alango) 14:00etatik 21:00ak arte.

Getxo Biziaren bitartez, euren bulegoan (Torrene, 3), 18:00tatik 20:00ak arte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun