Algortako Portu Zaharreko orubearekin zer egin aztertuko dute larunbatean hainbat kolektibok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 29a, 21:15

Algortako Portu Zaharreko orubearen erabileren inguruko "hausnarketa kolektiboa" egiteko asmoz, jardunaldia antolatu dute larunbat honetarako, abenduak 2, bertoko bizilagunek. Besteak beste, Parte Hartuz ikerketa taldeak egingo ditu dinamizazio lanak, Itsas-Ganen (Aldai kulturgunea. Karitate kalea 1, Algorta), 10:00etatik 14:30era luzatuko den saioan. "Inoren iritzia baztertu gabe, parte-hartzaile guztion ideiak kontutan hartzea da asmoa, bertan zer egin eta hortik aurrera eman beharreko pausuak erabakitzeko", adierazi dute antolatzaileek. Txikienek ere izango dute horretarako aukera, zabaldegirako zer nahi duten marraztuz. Jardunaldian kultur, kirol, aisialdi eta beste alorretako hainbat talde eta, beren izenean, zenbait teknikari (arkitektoak, aparejadoreak, gazteria teknikariak…) egongo direla iragarri dute Portu Zaharreko bizilagunek. Horretaz gain, nahi duen guztiak parte hartu ahal izango du. Argazkia: lur zati horren inguruan ospatu ohi dira Portu Zaharreko jaiak / Portuzaharra's Fotolog.

Hirigintza-Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) erabilera publikorako orubetzat jotzen zuen, orain bederatzi hilabetera arte, antzineko igerilekuak kendu izanak utzitako zabalgunea. 2005eko abenduko udal batzarrean, ordea, HAPOn aldaketa eginez, ekipamendu pribatuetarako izendatzea onartu zen, EAJ, EA eta EB-Berdeen aldeko botoekin. Erabakiaren aurka, Getxoko PSE-EE administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztea aztertzen ari zen bitartean, orubean kultur areto berria egitearekin tematuta zegoen Getxoko PP. Getxo Biziak, berriz, alegazioen bidea hartu zuen, Portu Zaharreko bizilagunek bezala; eta sinadura bilketak ere egin ziren.

Ziurgabetasuna

Oraindik ere, bertan egin nahi denaren berri ez dagoen arren, hainbat izan dira zurrumurruak. Egoera horrek, bertoko eta inguruko bizilagunak "arduratu" ditu, adierazi dutenez, "bertan egingo denaren ziurtasunik ez izateaz gain, gure iritzia ez baita kontutan hartu". Hori dela eta, larunbatekoa bezalako hausnarketa kolektiboa "beharrezkotzat" jotzen dute, "horrelako eztabaida eta elkar ezagutzeko guneak, erraztu eta aberastu egiten baitute guk izan nahi dugun herriaren izaera eta formaren definizioa".

Ean bezala, larunbat honetan (abenduak 2) izango da jardunaldia, Itsas-Ganen (Aldai kulturgunea. Karitate kalea 1, Algorta).

Egitaraua:

10:00 Deialdiaren aurkezpena: Portu Zaharreko orubearen egungo egoeraren azalpena.

10:30 Lan tailerraren hasiera. Lan talde txikietan: orubeak asetu beharko lituzkeen beharren edo erabileren inguruko hausnarketa.

11:30 Lan taldeetan egindako lanen azalpena.

12:15 Atsedenaldia (Portu Zaharra orubera bisita gidatua)

13:00 Lan talde txikietan: nola gauzatu dezakegu aurrez zehaztutakoa?

14:00 Komunean jarri lan taldeetan egindako lana.

14:30 Agurra eta bazkaltzera!

Goizean zehar, tailer berezia egongo da umeentzat, haiek ere iritzia eman dezaten: bakoitzak irudi baten bitartez adierazi ahal izango du orubean zer nahiko lukeen egotea. Irudi guztiekin erakusketa egingo da gero Etxetxun.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun