Itsasoaren baldintzen arabera, denbora tarte luze horren baitan aukeratzen den egunean, gutxienez lau metroko olatuen gainean ibili beharko dute aurretik hautatuko diren 16 surflariek. Zerrendan 18 daude guztira, getxoztarrak (7) eta zarauztarrak (5) nagusiki: Eneko eta Iker Acero, Iker Fuentes, Jon Garai, Peio Etxebarria, Jaime Fernandez eta Guillermo Barandiaran (Getxo Udalerria); David Bustamante (Barrika); Aritxa Saratxaga (Sopela); Ibon Amatriain, Asier Muniain, Pablo Garcia, Aritz Aranburu, Adur Letamendia eta Iñigo Landa (Zarautz); Mikel Agote (Orio); Julen Larrañaga (Donostia); eta Pablo Solar, Torrelavegakoa.
Lehiaketa berezi eta ikusgarria
Lehiaketa honen formatoa ere berezia da; txapelketa 3 edo 4 ordu besterik ez du irauten, bertan surflari bakoitzak erabakitzen du noiz sartu. Epaileek hainbat maila bereiztuko dituzte eta horren arabera hurrengoak sarituko dituzte: olatu handiena, surflari osotuena, jaitsiera deigarriena eta wipe out ederrena. 6.800 euro banatuko dira guztira, iazkoaren bikoitza. Denek jasoko dute gutxienez 200 euro.
Horretaz gain, eremu honetako ezaugarri "berezi eta zailak" direla eta, antolatzaileak eta surflariak itsasontziz joango dira uretan sartzeko erraztasun handia izan eta olatuak hobeto hartzeko. Ontzietan hainbat komunikabide ere joateko aukera izango dute. Horretarako federazioan eman beharko dute izena aldez aurretik (944735125, astelehenetik ostiralera, goizeko 10etatik a 14etara), lekua mugatua baita. Txapelketa ospatu baino bi egun lehenago egingo da deialdi ofiziala. Honen inguruko informazio guztia www.3sesenta.com zein www.euskalsurf.com web orrialdeetan egongo da eskura.