Getxoko Behargintza zentroan jarri dute Bilboko Merkataritza Ganberaren bulego berria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 1a, 19:42

Getxoko Udalak eta Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberak hitzarmena sinatu dute gaur, abenduak 1, azken erakunde honen bulego berria Algortan zabaltzeko, Behargintza zentroan (Martin Deuna 17) hain zuzen. Hitzarmenaren helburua da "erakunde honek eskaintzen dituen zerbitzuetako batzuk urreratzea udalerriko eta Uribe Kosta eskualdeko enpresa txiki eta ertainei eta salerosleei; inguruko lehiakortasuna indartzearekin batera". Eskualdeko zein udalerriko azpiegituren garapen sozio-ekonomikoa "babestu eta handitzeko" asmoa dute.

Juan Luis Laskurain Bilboko Merkataritza Ganberako zuzendari nagusiak eta Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak sinatu dute hitzarmena. Bai Zarraoak, bai Laskurainek nabarmendu dutenez, “enpresen, autonomoak diren profesionalen eta enpresa sortu asmo dutenen eskariei erantzuna emateko oso garrantzitsua da hitzarmena”. Udal agintariak gaineratu duenez, “Getxo da lekurik aproposena ordezkaritza hau irekitzeko, eskualde burua delako, inguruko udalerriekin harreman ona duelako eta toki bikainean dagoelako”. Ganberako arduradunak, berriz, horren "bazkideak, bezeroak, erabiltzaileak eta, oro har, gizartea" izan du gogoan, horiei "urreratzeko eta ateak zabaltzeko helburua lortzeko urrats garrantzitsua baita”, Algortan bulegoa zabaltzea.

Ganberak hainbat esparrutan eskainiko ditu enpresa zerbitzuak, hala nola, nazioartekotzean, trebakuntzan, enpresa arteko auzien konpontzean, merkatal aholkularitzan, berrikuntzan, herri barruko merkatalguneren laguntzan eta turismoaren garapenean. Bulego berriak Behargintzarekin "lankidetzan jardutea" ahalbidetuko du, "eskualdeko lehiakortasuna indartu aldera".

Eguneko ekitaldiak

Halaber, gaurko prentsaurrekoan, Getxo udalerriko eta Uribe Kostako Mankomunitateko ekonomia eta enpresen gaineko txostena aurkeztu dute. Getxori dagokionez, zerbitzuen sektorea udalerriko ekonomiaren indarraren %80 da (%19 industria, %1,70 etxegintza eta soilik %0,10 lehen sektorea). Herrian 6.380 enpresa eta saltoki daude, eta horietatik %90 zerbitzuen sektorearen barruan dago. Bizkaian dauden saltoki guztien %6 dira. Azken estatistikek erakutsi dutenez, bestalde, getxoztar bakoitzeko errentaren bataz bestekoa hirugarrena da Bizkian, Laukiz eta Sukarrietaren atzetik, 14.920 eurorekin. Bizkaiko bataz bestekoaren gainetik dago.

Uribe Kostako Mankomunitatean (Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopelana eta Urduliz), berriz, 1.923 enpresa eta saltoki dago (Bizkaikoen %2,1): 801 denda, ostalaritza establezimendu eta garraio; eta beste 296 zerbitzuen sektorean. Horretaz gain, industria eta energia alorreko 109 enpresa dago; beste 443 banka, aseguru eta enpresetarako zerbitzuen alorrean; eta, azkenik, 274 eraikuntzan. Ganberako arduradunen hitzetan, "nekazaritza eta arrantza jarduera bigarren plano batera igaro da eta turismo gune indartsu bilakatu da bere hondartza zoragarriei esker, horrela beraz, bigarren etxebizitza erosteko gune bihurtu da eta Bilbo Handiaren esparruko lohiri ere bada". Bizilagunen errentari dagokionez, Lemoiz baino ez dago Bizkaiko bataz bestekoaren (10.571 euro) azpitik, 9.954 eurorekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun