Borja Gutierrez “Bakerito” Berangoko errefuxiatua atxilotu dute Frantzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 4a, 18:21

Borja Gutierrez Elordui “Bakerito” errefuxiatu berangoztarra preso hartu zuen Frantziako Poliziak pasa den larunbatean. Gutierrezekin batera Eneko Bilbao eta Zorion Salsamendi euskal herritarrak atzeman zituzten Frantziako hegoaldean dagoen Cantal departamentuko La Besserette herrian, hirurak ETAko kideak direlakoan. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, mobilizazioak egin dituzte Berangon, larunbatean bertan eta igandean, Borja Gutierrez "Bakerito"ren eta beste atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko. Bestalde, Askatasunak salatu ditu atxiloketa hauek.

Askatasunaren oharra:

Askatasunak salatu egiten du, Frantzian hiru euskal herritar atxilotu izana. Are larriagoa iruditzen zaigu honakoa, ez delako jazoera isolatu bat, indarrean den testuinguru errepresibo honetan, atxiloketa kate baten azken muturra baita gaurkoa.

Euskal Herriko prozesu bat, Euskal Herriak hitza eta erabakia erdiestea buruan duena, Madril eta Parisek bahitu egin nahi dute. Horregatik eta horretarako erabiltzen dute errepresio politikoa. Euskal Herriko prozesuan eskua sartzeko. Euskal Herriko prozesuak noranzko bidea hartu behar duen beraien nahietara zuzentzeko.

Frantziak egiten duen eskaintza bakarra gainera, Euskal Herriko gatazkarekin zer ikusirik ez duela esaten duen bitartean, Euskal Herria ukatzen jarraitzeko halako atxiloketa, hiltzailea den espetxe politika eta euskaldunok zigortzeko bereziki eraikitako lege eta tribunalak inposatzen jarraitzea da.

Euskal Herrian egin beharreko prozesuak, Euskal Herriarentzat baldintza demokratikoak behar ditu. Bazterketarik gabeko prozesua izan dadin. Eskubideetan oinarritutako prozesua izan dadin eta esku-sartzerik gabeko prozesua izan behar da. Horregatik, ezin dira atxilotu prozesuaren partaide ezinbesteko diren pertsonak. Ezin dira gerra tribunalen menpe eskubiderik gabe bizi Euskal Herritarrak.

Horretarako, errepresio politikoa egotetik, baldintza demokratikoak egotera igaro behar du herri honek. Herri honek prozesua bere menpe, bere eskuetan hartu behar du horretarako, errepresioaren aurrean altxatuz, errepresioari erantzunez eta muga herritar indartsuak jarriz.

Euskal Herrian, 2006ko abenduaren 2an

Askatasuna
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun