Arrietarako ostalaritza establezimenduak botako dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 4a, 18:37

Espainiako Ingurumen Ministerioaren EAEko Kostalde Mugaketa Saileko ordezkari eta teknikariekin bildu da, gaur goizean, Imanol Garai Sopelako alkatea, Arrietara hondartzan dauden bi eraikinen egoera, tokian bertan, aztertu ahal izateko, udal iturriek jakinarazi dutenez. Hainbat ostalaritza establezimendu dago bertan. Kostalde Mugaketa Sailak horiek botatzea aurrikusten du, Bizkaiko itsasbazterrean, aisialdirako gune, ibiltoki eta berdeguneak izango dituen parkea egiteko plangintzaren barruan. "Eraikuntzak eraitsiz, itsaslabarrak sendotu eta horien zain gorriak desestali ahal izango dira, inguruneari izugarrizko balio ekologikoa emanez", gaineratu dute Sopelako Udaletik. Aipatu lanak bukatzeko epea lau hilabetekoa da eta 2007an zehar egingo dira. Argazkian, botako dituzten bi eraikinak.

Ostalaritza establezimenduak bota ostean geratuko den gunea, hondartza handiagotu (bertara sartzeko arrapalatik itsaslabarretaraino) eta zolatutako gune garbia egiteko erabiliko dute, udal iturriek aurreratutakoaren arabera. "Zolatutako gunean eraikin desmuntagarri bat instalatuko dugu, behin behinekoz, solairu bakarrekoa eta 100 metro koadrokoa berau. Hondartzarekin zerikusi zuzena daukaten zerbitzuak hartuko ditu horrek", gaineratu dutenez. Behin lehen aipatu parkea araututa, bertatik, Zientoetxe kaleraino sarbide zuzena egingo dute; Arrietara hondartza hegoaldetik mugatuko du horrek.

Garai pozik

Ekimenarekin "poz-pozik" azaldu da Imanol Garai Sopelako alkatea. "Garrantzi handia daukan egitasmoa da, itsaslabarreko zain gorriak desestali egingo dituelako. Aizkorrin (Gipuzkoa) hasi eta gure hondartzaraino, herrigunea zeharkatzen du zerroak. Francoren garaian dinamitatu zuten. Hortaz, ekologikoa ez ezik, historikoki ere badu garrantzi", azaldu du udal agintariak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun