IAk eta EHBEk herri eskolak eta protestak antolatu dituzte Espainiako Konstituzioaren Egunerako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 4a, 21:10

“Nazio bat garelako, ikasleok jai egun arrotzei intsumisioa!” eta “Euskal eskolak, euskal egutegia!” lelopean, hurrenez hurren, Ikasle Abertzaleak (IA) Eta Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) taldeek herri eskolak eta euskal egutegi nazionalaren aldeko elkarretaratzeak deitu dituzte asteazkenerako, Espainiako Konstituzioaren eguna. Sopelako Ander Deuna ikastolak, Leioako Barandiaran ikastetxeak eta Getxoko Aixerrota zein Itzubaltzetako Artatza-Romo institutuek hartuko dituzte eskualdean egingo diren herri eskolak. Mobilizazioak, berriz, Algortako Telletxe kalean, Sopelan eta Itzubaltzeta / Erromon egingo dira urte berezi honetan. Izan ere, aurten 10 urte beteko dira IAk abenduaren 6ari intsumisioa eginez, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko lehenengo ikastetxeak ireki zituenetik. IAkoen aburuz, oraindik egun arrunta izateko lan asko falta bada ere, “Ikasle borrokak sortutako zuhaitz honek ez du atzera bueltarik”.

Uribe Kostako Ikasle Abertzaleak taldeak jakinarazi duenez, abenduaren 6an, Espainiako Konstituzio eguna, “jai egun arrotzen aurrean intsumituz” hainbat ikastetxek irekiko dituzte ateak. Gutxienez, lau herritan egingo dira herri eskolak eskualdean, honako ekitaldiak izango direla:

Sopelako Ander Deuna ikastola

- 10etan hasiko da eta ekintza bakoitza bukatzen doan heinean hasiko dira beste ekintzak.
- Sarrera.
- Entzule markajearen jolasak.
- Ikasle mugimenduaren historiaren inguruko hitzaldia.
- Euskal curriculumaren inguruko hitzaldia.
- Kontzentrazioa herrian.

Leioako Barandiaran ikastetxea

- 10:30ean hasiera.
- 11:30ean Orreagako gudaren inguruan hitzaldia.
- Eneko Aritzari buruzko laburmetraia.
- Luntxa.
- Erantzule markajearen jolasak.
- Bologna prozesuaren inguruko hitzaldia.



Artatza-Romo institutua

- 10etan hasiera (zuzendaritzak baimena emango ez balu, Santa Eugenia plazan egingo da).
- Sarrera.
- Jolasak.
- Eskolak euskaldundu ekimenaren inguruan hitzaldia.
- Euskal dantza tailerra.
- MusikHerria copyleft diskoetxeko hitzaldia.
- 14:30ean mobilizazioa Itzubaltzeta / Erromon.

Getxoko Aixerrota institutua

- 10etan hasiera.
- Sarrera.
- Kafe tertulia eta jolasak.
- LZPren inguruan hitzaldia eta martxa.
- 14:30ean mobilizazioa Algortan (seguraski Telletxen).

Ikasle Abertzaleak erakundearen oharra:

Nazio bat gara. Mapetan izan ez arren, legedietan izan ez arren, eskoletako arbeletan izan ez arren, Euskal Herria izan bada. Espainiar zein frantziar agintariek baina ez dute Euskal Herririk nahi, eta horretarako, nazioa hiltzeko, hirutan zatituta dute, bi estatu erraldoietan, hiru administrazio inposatuetan. Zatiketa horretarako tresna bat espainiar konstituzioa izan da eta oraindik orain, herri bezala egituratzen uzten ez gaituen muga bat topatzen dugu bertan. Urteetan jo dugu horma horren aurka, oraino botatzerik lortu ez dugun arren. Baina egunotan inoiz baino ageriago ikusten dugu herri honek aurrera egingo badu hormak desagertu behar direla, espainiar konstituzioa bertan behera utzi behar dela.

Euskal hezkuntza esparruari dagokionez, konstituzio espainiarrak kalte itzelak eragiten ditu Euskal Hezkuntza Sistema Nazionalaren eraikuntza errotik oztopatzen baitu. Honela euskal ikasleria hiru administraziorenpean zatituta aurkitzen da, kolektiboa desitxuratuta, eskubideak zapalduta.

Baina espainiar agintariak ez ziren konstituzioa ezartzearekin konformatu eta honen existentzia ospatzeko egun bat izendatzea erabaki zuten: abenduaren 6a. Inposaketa berri honekin, konstituzioaren aurka argi eta garbi azaldu zen herri bat iraintzen dute. Izan ere, abenduaren 6an jai eginez, konstituzioari eta bere ondorio guztiei gure atxikimendua ematen diogu. Gutariko askok halakorik sentitzen ez dugun arren, abenduaren 6an jai eginez Euskal Herriaren zapalkuntza ospatu eta konstituzioari zilegitasuna ematen diogu!

Ikasleok baina ez gaude halakorik onartzeko prest. Gure kultur eskubideak zapaltzen dituen eguna da abenduaren 6a, gainontzeko jai egun inposatu guztiak bezalaxe. Halako egoeren aurrean, ikasleok intsumisioarekin erantzun dugu urte luzez. Ikastetxe eta fakultateetako ateak ixten diren egun honetan, guk zabaldu egin ditugu. Eskolarik ez den egun hauetan, guk Herri Eskolak antolatu ditugu. Eta guk antolatuak izanik, Euskal Eskola Nazionala, egunbetez irudikatzeko baliatu ditugu Herri Eskola hauek: euskara erabiliz, Euskal Herria ikasiz, eredu pedagogiko aurrerakoiak bultzatuz, ikasleez gain herritar guztiei ikastetxeko ateak zabalduz,... Aurtengo Herri Eskolei dagokienez, nagusiki honoko gaiak jorratuko ditugu: Ikasle Mugimenduaren historia, Bologna Prozesua, Ikasleon eskubide urratzaileen inguruko ariketa, Euskal Curriculuma, Eskolak Euskaldundu dinamika eta Hezkuntza Akordioa. Hala ere, Herri Eskola bakoitza, izenak adierazten duen bezalaxe, herriarekin lotura zuzena duen ekimena da eta beraz, herriz herri eta ikastetxez ikastetxe eskola egitarau propioak landuko dira, beti ere autogestioaz.

Aurtengoan, hamar urte betetzen dira abenduaren 6ari intsumisioa egiten hasi ginenetik. 1996ko abenduaren 6an hamaika ikastetxe zabaldu ziren espainiar konstituzioaren aurkako lehen desobedientzia ekimena gauzatuz. Hamar luze hauetan, indarrak batzen joan gara, urtez urte ikastetxe gehiago ireki ditugu, dinamika beste alorretara zabaldu da, eta landatu genuen zuhaitzak fruituak ere ematen hasi zaigu. Lehengo urtean hainbat ikastetxek bere ateak ofizialki zabaltzea erabaki zuen, espainiar konstituzioa ez ospatzea erabaki zuten eta egun betez bada ere, espainiar agintarien atzaparretatik ihes egin zuten ikastetxe hauetako kide guztiek. Aurtengoan ere, beste hainbatek zabalduko ditu ofizialki ateak eta ehunka ikaslek eskubide bat gehiago izango dute bermatua. Ikasle borrokak sortutako zuhaitz honek ez du atzera bueltarik eta denen zaintza eta elikatzea beharko ditu fruituak denek izan ditzagun.

Momentu honetan, hiru dira abenduaren 6an Euskal Herrian topatu ditzakegun egoerak: ikastetxea ez zabaltzea, ikastetxea ofizialki zabaltzea eta ikastetxea ikasle mugimenduak zabaltzea. Egoera horren ispilu dira gaur hemen bildutako hiru ikasleak: bata Eskoriatzako HUHEZIko ikaslea, aurtengoan ere ofizialki zabalduko den unibertsitatea. Bestea Markinako Laboraleko ikaslea, abenduaren 6an eskola egun normala izango duena. Eta azkenik, Bilboko Deustuko ikastolatik irekiera ofizialaren eske ikasle mugimenduak irekitako ikastetxea. Bilboko honekin batera, Gipuzkoan 24 ikastetxe eta fakultate bat, 25 ikastetxe Bizkaian, Araban 12 ikastetxe eta fakultate bat eta Nafarroa Garaian 8 izango dira ikasleriak zabaldutako ikastetxeak. Ikasle Abertzaleak taldetik mezu argi bat helarazi nahi diogu euskal ikasleria guztiari: ikasle borrokaren balioa inoiz baino argiago gelditu da jai egunen aferari erreparatuz gero. Fruituak jasotzeko urte luzez lan egin behar da askotan, baina fruituak heldu, heltzen dira. Zentzu honetan, dei berezi bat egin nahi diogu ikasleriari datorren abenduaren 6an jairik egin ez dezaten, klasera joan edo Herri Eskoletan parte hartu. Konstituzio egunean ez dugu ezer ospatzeko!

Ikasle Abertzaleak

EHBEren oharra:

Euskal Herria herri aberatsa da kultura, ohitura, hizkuntza, eta abarrei dagokionean. Garai zailenetan ere jakin izan du inposaketa bortitzen gainetik bere ondare kulturalari tinko eutsi eta bitarteko propioen arabera bere nortasunari lotzen. Gure herriak jakin izan du inposaketen ondorioz hilzorian zeuden hainbat ohitura zein kultur adierazpen berreskuratzen eta indar berritzen. Kultur adierazpen anitzez gain, Euskal Herriak baditu ere berezkoak dituen nortasun ikurrak. Guztiek badute euskaldun egiten gaituenetik zerbait.

Gaur egun, berriz, gure egutegietan gorriz markaturik agertzen zaizkigu abenduren 6a (Konstituzio Espainiarraren eguna), Uztailaren 14a (Frantziar Errepublika aldarrikatu zen eguna), Urriaren 12a (Hispanitatearen eta Guardia Zibilaren eguna)... Guztiak arrotzak zaizkigunak eta guztietan jai egitera beharturik gaudenak.

Egutegi batek zerbait teknikoa dela uste dezake batek baino gehiagok; uste hori, ordea, ez da erreala. Izan ere, egutegi bat antolaketa jakin baten parte da, nazio antolaketa eta egituraketa jakin baten parte. Egutegia udaletxeen, lantegien, ikastetxeen, instituzioen, denda txikien eta abarren eguneroko antolaketa arautzen du eta mugarri bilakatzen dira. Baina ez hori bakarrik! Estatuek indarrean jartzen dituzten egutegien bidez, balore, ohitura, ezagutza-sistema... jakin batzuk transmititzen dira belaunaldiz belaunaldi eta etorkizunean errepikatzen dira.

Herri baten biziraupen nahiz garapenean hezkuntza esparruak duen garrantzia aintzat harturik eta berau kolektibitate baten ezagutza-sistema belaunaldiz belaunaldi transmititzeko zein eraldatzeko bitartekoa dela jakinik, eragina bikoitza da: batetik, euskal herritarrok Hezkuntza Sistema Nazional propioa antolatu eta egituratzeko dugun eskubidea urratzen du eta bestetik, arrotzak zaizkigun eta gure hezkuntza eskubideen urratzaile direnen baloreak errepikatzeko bitarteko bilakatzen da.

Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak euskal herritarron hezkuntza eskubidea den Hezkuntza Sistema Nazionalaren baitan kokatzen du Euskal Egutegiaren afera. Pasa den ikasturtean, abenduaren 6a erreferentziatzat harturik, ikastetxeei normaltasunez jarduteko deia egin genuen eta dei honi jarraiki, 12 ikastetxe izan ziren euren ateak ireki zituzten ikastetxeak. Horretarako beharrezkoa izan zen hezkuntza komunitatea osatzen duten sektore guztien inplikazioa eta esparru ezberdinetatik eginiko eskaera, herritarren aldetik jasotako babesa alde batera utzi gabe. Aurtengoan indar berriz eutsi nahi izan diogu dinamika honi eta pasa den ikasturtean hasitako dinamikari esker, Lea-Artibai eskualdean eginiko lanketa ekarri nahi dugu gogora:

Pasa den ikasturtean Euskal Herriak Bere Eskolak martxan jarritako dinamikari loturik, 7 ikastetxe izan ziren euren ateak ireki zituztenak abenduaren 6an. Aurtengoan, berriz, 12 ikastetxe izan dira erabakia hartu zutenak, baina 6 ikastetxek ezin izan dute EAEko Hezkuntza Sailaren aldetik jasandako presioei eutsi. Lea-Artibai eskualdean 19 ikastetxe daude eta, beraz, gehiengo zabal batek bat egin du Euskal Egutegiaren aldeko dinamikarekin.

Euskal Herri luze zabalean ikastetxe gehiagok egin dute jai egun inposatuen gainetik egutegi propioaren aldeko hautua, nahiz eta datuok abenduaren 6an jakinaraziko ditugun.

Gaurkoan gogor salatu nahi dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailak erabaki hau hartu duten ikastetxeen aurka izaniko jazarpen eta mehatxu jarrera. Ikastetxeak dira eraikitzen ari garen Hezkuntza Sistema Nazionalaren oinarri eta euren erabaki propioak hartzeko zein kudeatzeko gaitasuna aitortu behar zaie. Zeren beldur da Hezkuntza Saila ikastetxeei erabakitzeko duten autonomia eta eskubidea ukatzeko? Zeren beldur da Hezkuntza Saila ikastetxe horiek erabakitakoa atzera botatzeko? Zeren beldur da ikastetxeek erabaki dutena mehatxu bidez kamustu nahi izateko? Beldur dira orain artean ez dutelako ausardiarik izan estatu espainiarretik datorren hezkuntza ereduaren inposaketari aurre egin eta euskal herritarron eskubideak bermatuko dituen Hezkuntza Sistema Nazionalaren bidean urratsak emateko. Beldur diote hezkuntza komunitatearen aitzindaritzari eta determinazioari, azken batean, eurek faltan dutenari diote beldur. Beldur dira, beraz, Hezkuntza Sistema Nazionalaren bidean hezkuntza komunitateak nahiz herritarrek ematen ari diren urrats sendoei.

Euskal Herriak Bere Eskolak EAEko Hezkuntza Sailak izaniko jarrerari egingo dio. Erantzun hori, ordea, zentzu positibo eta eraikitzailean izango da. Euskal Herriak Bere Eskolak konpromisoa hartzen du Lea-Artibain Euskal Egutegiaren alde zabalduriko dinamika Euskal Herriko ahalik eta ikastetxe gehienetara zabaltzeko.

Lege marko zein arau sistema ororen gainetik, euskal herritar ororen hezkuntza eskubideak bermatuko dituen Hezkuntza Sistema Nazionalaren premia herri oso baten oihua da eta hori nahiko sostengua da bere buruaren jabe den herriak eskubide izaera aitortzeko. Herri mugimendu, eragile zein sektore ezberdinek urteetan zehar aldarrikaturiko mezua da gaur egunean euskal jendartearen gehiengo zabal batek bere bizkar gainean jasotzen duena: Euskal Hezkuntza Sistema Nazionala izateko eskubidea!! Zentzu horretan Egutegi propio baten araberako antolaketa zein egituraketa, bide horretan atzeraezina bilakatzen den aurrera urratsa da.

Hezkuntza Sistema Nazionalaren bidean Euskal Herria ardatz izango duen Egutegi propioa izateko dugun eskubidea aldarrikatzeko Euskal Herriak Bere Eskolak honako ekimenak antolatu ditu abenduaren 6an:

- Manifestazioa: eguerdiko 13tan Oreretako Herriko Enparantzatik abiatuta. (EHBEko ekimen zentrala izango da).

- Kontzentrazioak: “Euskal Eskolak Euskal Egutegia!” lemapean honako herrietan burutuko direnak: Ordizia, Aretxabaleta, Zalla, Algorta, Bilbo, Gasteiz, Bergara, Iruñea eta Donostia.

Era berean, Egutegi propioaren aldarrikapena barne biltzen dituzten honako deialdiekin bat egiten dugu eta hezkuntza komunitateak hauetan ere parte hartzeko deia egin nahi dugu gaurkoan:

- Ikasle Abertzaleek Euskal Herri luze zabalean Euskal Eskola Nazionalaren irudikapena praktikan gauzatuz burutuko dituen Herri Eskolak
- LAB sindikatuak Euskal Herriko hiriburuetan antolatu dituen kontzentrazioekin. Bertan aldarrikapen propioarekin parte hartuko dugu.
- Bai Euskal Herriari herri ekimenak arratsalderako antolatu duen Manifestazioarekin.

Nazio bat garelako...
Euskal herritar ororen eskubidea delako...
Hezkuntza sistema nazionalaren bidean euskal eskolak euskal egutegia!

Euskal Herriak Bere Eskola
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun