Talasoterapia zentroa da Portu Zaharreko oruberako "idatziz dagoen ideia bakarra"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 4a, 21:27

Algortako Portu Zaharreko orubea ekipamendu pribatuetarako izendatzearen "arduraduna" bera zela argi eta garbi esan zuen, larunbatean, Itsas Ganen burututako hausnarketa kolektiboan, Iñaki Urkiza Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako zinegotziak. Hala ere, bera "entzule gisa baino ez" zegoela aditu behar izanak piztu zuen bertan bildutakoen haserrea. Izan ere, oso zabalduta dago herrian, zabalgunean, Sheratonek Donostiako Perlaren pareko talasoterapia zentroa egin nahi duela dioen zurrumurrua. Hori dela eta, kontuak argitzea eskatu zioten behin eta berriro udal ordezkariari portuko bizilagunek; baita lortu ere. Abenduaren 22ko udalbatzarrean birkalifikazioa behin betikoa egingo dutela azaldu eta gero, "idatziz jasota dagoen ideia bakarra" hori dela argitu zuen, Urkizak. Argazkian, larunbateko hausnarketa kolektiboa.

Urkizak emandako azalpenak arretaz jarraitu zituzten Algortako Portu Zaharreko bizilagunak, Parte Hartuz ikerketa taldea, Getxoko auzotarren elkartea, Algortako Gazte Asanblada (AGA), Txorimalo gaztetxea, Getxoko Esku Pilota Taldea, Uribe Kostan Txalaparta Ekimenetarako Sustapen Taldea (UKTEST), Aralar, Getxo Bizia, Getxo Saskibaloi Taldea, UKBERRI Uribe Kostako Komunikabide Euskaldunak taldeetatik eta maila pertsonalean hurbildutako 32 lagunek. "Eusko Jaurlaritzak Hirigintza-Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) egin beharreko aldaketari onespena eman eta gero erabakiko da orubean zer egin, baina idatziz jasota dagoen ideia bakarra talasoterapia zentroarena da", azaldu zuen zinegotziak. Ondoren, hori aldatu daitekeela ere esan zuen, "baina Turismo Plangintzan, bertan horrelako zentro bat joan daikeela erabaki zen". Antza, egitasmo horri bidea irekitzen dio birkalifikazioak. Eusko Jaurlaritzaren 2001eko Plan Bereziak jasotzen duen bezala, abenduaren 22ko erabakiaren ostean, orubean, berdegunea jartzeko ez ezik, hotel edo ostalaritza erabilera emateko ere egongo da aukera, 2005eko abenduko erabakiaren aurka aurkeztutako 1.200 alegazioak atzera botaz.

Birkalifikazioa gelditzeko premia

Galdaretxeko lanek talasoterapia zentroaren proiektuarekin zerikusi ote duten susmoa ere present egon zen larunbateko batzarrean; Urkizak orubea ez zutela alokatuko, ezta salduko ere esateak ez zuen inor lasaitu. Hala ere, jendeak argiro adierazi zuen bertan zer nahi duen, gutxieneko baldintza batzuk adostuz: gune publikoa izatea eta adin eta erabilera orotarako zabalik egotea, irabazi asmorik gabekoa, itsasoa eta auzoarekin elkarreragintzan, usadioak eta azken urteotako erabilerak errespetatuko dituena, jendearen iritzia kontutan hartuz... Itsasoari kendutako esparrua berreskuratzea ere izan zuen ahotan batek baino gehiagok. Talasoterapia zentroko proiektua gelditu zein gutxieneko horiek lortzeko, birkalifikazioa gelditzea "ezinbestekotzat" ikusi zuten bildutakoek; baita auziaren berri, alderdi politiko, kolektibo eta herritarrei ematea ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun