Osakidetzako oposizioen aurrean bihar kontzentratzera deitu du EHEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 5a, 16:43

Uribe Kostako Euskal Herrian Euskaraz (EHE) erakundeak Osakidetzak bihartik, abenduak 6, ostiralera bitartean egingo dituen oposizioak direla eta bere kezka eta salaketa agertu nahi ditu. Izan ere, azterketa horiekin euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketan oinarrituriko administrazioa sustatzeari ekingo dio Lakuak berriro ere. Orain dela 3 urte, milaka funtzionario erdaldun sartu ziren Osakidetzan euskara ez baitzen beharrezkoa izan oposizio haietan. Oraingoan %19ri, 682 lanpostu, baino ez diote eskatuko gaixoak euskaraz artatzeko gai izatea, lanpostuen %81ean datozen 30 urteetarako langile erdaldunak egon daitezen bermatuz, hiritar euskaldun guztion kalterako. Horregatik, bihar, abenduak 6, Barakaldoko BEC-en elkarretaratzea antolatu dugu, goizeko 8:30etik aurrera, “Euskararen kontrako oposiziorik ez” eta “Hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat: ofizialtasuna” leloen pean. Herritar guztiei mobilizazio honetan parte hartzeko deialdia egin nahi diegu.

Euskal Herrian osasun zerbitzuetan euskarak pairatzen duen egoera larria da eta Osakidetza egoera horretan ez da salbuespen bat. Hogei urte baino gehiago igaro diren honetan, euskara bigarren mailako hizkuntza izateaz gain, euskaldunok gure hizkuntza eskubideak egunerokoan sistematikoki urratuak ditugu. Administrazioa euskarak Osakidetzan bizi duen egoera larria baretu nahian ibili izan da etengabe eta eman diren pauso bakanak egin zitezkeenak izan direla adierazi izan du behin baino gehiagotan.

Baina errealitateak beste egoera bat erakusten digu. Hainbeste urtetan arduragabekeri politikoz jokatu da eta hogei urte inguru behar izan ditu administrazioak euskara plan bat abian jartzeko. Orduan esan genuen legez, aipatu planak ez dio inondik inora euskarak bizi duen egoera larriari behar den erantzuna ematen eta ez du euskararen normalizazioa xede nagusi. Funtsean, euskara bigarren mailako hizkuntza gisa kondenatu eta gaztelaniaren menpeko mantentzea besterik ez du egiten. Kontrakoa esaten zaigun arren, horixe izan da orain arte eraman den politika eta egungo errealitate gordina.

Euskaldunak Osakidetzako zerbitzuetara jotzen duenean, bere hizkuntza eskubideak urratuak aurkitzen ditu. Egoera hau gainera eremu euskaldunetan, erdaldunetan, ospitaleetan eta osasun etxeetan gertatzen da, Santurtzin, Berastegin edota Gasteizen. Hamaika egoerak eta lekukok hala erakutsi digute azken urteotan. Euskaldunok bazterturik eta diskriminaturik gaude administrazio honen aurrean ere.

Oposizio hauek egoera larriagotu besterik ez dute egiten

Osakidetzak egin duen lan deialdian, 2.900 lanpostu baino gehiago egongo dira jokoan eta horietatik %20 ingururi soilik eskatuko zaio euskara jakitea. Beraz, azterketetara aurkeztuko direnen %80ari ez zaio euskara jakitea exijituko.

Eusko Jaurlaritzak egin duen lan deialdi hau benetan larria dela deritzogu. Euskarak bizi duen egoera iraultzeko behar diren neurri politikoak hartu beharrean, erdararen nagusigoa indartu eta euskararen egoera larriagotuko duen erabaki politikoa da begi aurrean duguna. Deialdi honek euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketaren jarraipena ekarriko du, orain sartuko diren langile erdaldunak izango baitira datozen urteetan administrazio horretako funtzionarioak eta zerbitzua eskainiko dutenak. Horri euskararen aldeko jarrera eta politika egitea deitzen diote. Guk ordea, euskaldunon hizkuntza eskubideen kontrako politika egitea deitzen diogu horri.

Aldiz, Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan euskararen aldeko lan handia egiten ari dela zabaltzen dihardu azkenaldion eta hori argudiatzeko hainbat egitasmo aurkeztu izan ditu. Azterketa hauek ordea adierazitakoa gezurtatzen dute bete betean. Azken urtetan bi lan deialdi egin dituzte eta 4.642 lanpostutatik, 682 lanpostutan eskatu dute euskara jakitea. 3.960 langile erdaldun sartzeko bidea eskaini dute beraz. Hori al da sinetsarazi nahi diguten lan handia? Hau al da euskararen alde hainbeste emaitza ekarri duen politika?

Gerora Osakidetzan lanean diharduten langileak euskalduntzeko planak aurkeztuko dizkigute eta orduan administrazioaren euskararekiko borondate ona irenstea egokituko zaigu. Baina zergatik ez orain lanpostu guztietarako euskararen ezagutza %100 ezarri? Halako neurri batek automatikoki lanera sartuko diren langile guztiak euskaldunak izatea ekarriko luke, euskararen erabilera normalizatua lortzeko bidean urrats garrantzitsu gisa. Baina bistan da ez dagoela horretarako borondate politikorik.

Erantzukizunak

Argi adierazi nahi dugu egoera honen erantzukizun politikoa administrazioarena dela. Hots, Eusko Jaurlaritza da euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa berri honen arduradun nagusia eta gaur berriz ere hori garbi utzi nahi dugu. Administrazioen ardura baita herritarren eskubideak bermatzea eta horretarako behar diren neurriak zehaztea.

Halere, ez genuke beste zenbait eragileren ardura bazterrean utzi nahi. Izan ere, sindikatuek jokatzen duten papera ere garrantzitsua dela uste dugu. Oro har sindikatuek ez dute administrazioa behar den indarrez presionatzeko biderik ezarri eta eurei ere badagokie euskararen normalizaziorako neurriak proposatzea eta urratsak ematea. Denborak eta bakoitzaren praktikak erakusten digu, sindikatuen artean ere euskararekiko borondate ezberdinak daudela, baina lan deialdi honen aurrean sindikatuek ez dute behar den arduraz jokatu.

Beraz, administrazioa eta arduradun politikoak dira egoera honen erantzule nagusiak. Baina sindikatuek, bakoitzak bere mailan, dagokien ardura bere gain hartu behar dute eta argi adierazi behar dute, hitzez eta ekintzez, euskara osoki normalizatzeko euren borondatea zein den.

EHEk aldarrikatzen du

Osasun administrazioak, beste edozein administrazio bezala herritarren zerbitzura dauden entitateak dira. Hori kontuan izanik, Euskal Herrian kokaturiko osasun administrazioek, herritarren hizkuntza eskubideak bermatu behar dituzte eta honetarako behar diren neurri guztiak hartu behar dira.

Euskal Herrian kokaturiko osasun administrazioek herritarrek aukeraturiko harreman hizkuntza errespetatu behar dute.

Funtzio publikoa burutzeko lanpostu berri guztiei euskara ezagutzeko derrigortasuna ezarri behar zaie, Euskal Herri osoan. Osasun administrazioetan bezalaxe, gainerako administrazio guztietan ere hartu beharreko neurria da.

Osasun administrazioen euskalduntze osoa bermatzeko egitasmoak jada jarri behar dira abian. Agente guztien parte hartzearekin, sindikatu, mediku, erizain, idazkari eta osasun administrazioetan modu batean edo bestean parte hartzen duten langile guztiak kontuan hartuz, beti ere herritarren eskubideak oinarri hartuta.

Egoeraren larritasuna ikusirik, behin behineko urgentziazko neurriak hartu behar dira gaurdanik. Eremu euskaldunetan oraintxe zerbitzu euskaldun osoa eskaini behar da, salbuespenik gabe. Era berean, lehen aipatu bezala, gaurdanik kontratatzen diren langile guztiei euskararen ezagutza eskatu behar zaie.

Egun Euskal Herrian indarrean diren legedi eta hizkuntza politikak gainditzeko garaia iritsi da. Euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko Euskal Herrian legedi berria behar dugu euskararentzat: euskara ofiziala eta lehentasunezko hizkuntza gisa ezarriko duena lurralde osoan.

Mobilizaziorako deia

Osakidetzan egingo diren azterketa hauen larritasuna ikusirik eta euskarak jasaten duen bazterketa salatzeko, EHEk datozen egunetan hainbat mobilizazio egingo ditu.

Alde batetik, abenduaren 6an, Barakaldoko BEC-en elkarretaratzea antolatu dugu. Goizeko 8:30ean hasi eta goiz osoan zehar salatuko dugu hizkuntza eskubideen urraketa. “Euskararen kontrako oposiziorik ez” “Hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat: ofizialtasuna” izango dira lelo nagusiak. Herritar guztiei mobilizazio honetan parte hartzeko deialdia egin nahi diegu. Hauxe izango da deialdi nagusia, kontuan hartuz egun horretan milaka izango direla azterketa egitera joango diren pertsonak.

Era berean, beste hiru mobilizazioren berri eman nahi dugu:

Abenduaren 7an 12.00etan Durangoko osasun etxearen aurrean elkarretaratzea.
Abenduaren 8an 17.00etan Markinako osasun etxearen aurrean elkarretaratzea.
Abenduaren 13an 19.30ean Azpeitian osasun etxearen aurrean elkarretaratzea.

Honenbestez, EHEk euskaldun guztiei mobilizaziotan parte hartzeaz gain, egunerokoan hizkuntza eskubideen defentsa burutzeko deia luzatu nahi die: mediku aldaketak eskatuz hauek erdaldunak direnean, gurasoak bilduz pediatra erdaldunaren ordez euskalduna jartzeko eskatuz, erreklamazio orriak betez euskara baztertua denean, erdarazko jakinarazpenak itzuliz eta euskaraz eskatuz... Herritarron presioa eta eskaera funtsezkoak dira egungo egoera gainditzeko neurri politikoak har daitezen.

Uribe Kostako Euskal Herrian Euskaraz
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun