Kirol Portuan dagoen Abra Aquarium zentroaren kudeaketa Udalaren eskuetan dago jada eta izena ere aldatu egin diote: hemendik aurrera Getxo Aquarium izango da. Inbertsio batzuk egitea ere aztertzen ari dira. Horrela, bisitetarako, "museo askotan daudenen pareko" hizkuntza anitzetako soinu-gidak jartzea aztertzen ari dira udal arduradunak. “Akuarioa txikia izan arren, bertan dagoena balio handikoa da. Gida edo sistema automatizatu batek arrainontzi bakoitzean dagoenaren balioa azalduko balu, gure inguruko itsasoko bizitzaren ingurukoak ikasi ahal izango genituzke; baita horren gainean kontzientziatu ere”, Zarraoa ustez.
Hobekuntzak
Aurreikusitako beste hobekuntzen artean, arrainontzi gehiago jartzea, sarrera egokitzea eta horren eskaintza Turismo Bulegoak berak kudeatzea egongo lirateke. Bestalde, ikastetxeetako ume eta gazteak hartzen dituen Bizkaia Maitea ekimenean parte hartzeaz gain, EHUrekin hitzarmenak lortzea ere aurreikusita dago, unibertsitarioek ere erabil dezaten. Eta bisiten kopurua handitzekotan, instalakuntzak handitzea ez dute baztertzen.
