Ehunaka liburu, disko eta kultur ekoizpen erosgai egongo dira bihartik aurrera Durangoko hiru azoketan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 5a, 20:37

Euskal Herriko artisautza azokarik garrantzitsuenetako bat den Durangoko Euskal Dendaren 11. edizioak ireki du gaur urteroko euskaltzale eta kulturzaleen erromesaldia. Baina, San Antonio santutegira doazen neskazarrak ez bezala, horra doazenek diru truk eskuratuko dituzte Euskal Herriko azken kultur ekoizpenak. Eskaintza, gutxienez ez da faltan izango, abenduaren 10era arte Euskal Dendaz gain, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka ren 41. edizioa eta Sapuetxe gaztetxeak antolatutako VII. Azoka Ez Komertziala izango baitu aukeran erosleak. Uribe Kostako sortzaileen makina bat lan bertan topatu ahal izango da, tartean Unai Elorriaga, Laura Mintegi, Xabi Paya, Iñaki Gonzalo Casal “Kitxu”, Esther Zorrozua, Nun, Kloratita, Pello Salaburu edo Ramiro Pinillak gauzatutakoak.

Euskal Dendak gaur bere ateak ireki baditu ere, profesionalentzat baino ez da izan, eta bihartik aurrera hartuko du jende guztia Durangoko azoka plazan 1,20 euro balio duen sarreraren truke. Ordutegia 11etatik 14:45era eta 16.30etik 21etara izango da, abenduaren 10ean izan ezik. Egun horretan ordu bat lehenago itxiko dute artisautza azoka. Tartean, Uribe Kostako artisauak ere hor izango dira: iaz saltoki onenaren saria jaso zuen Clota Itzubaltzeta / Erromoko tailerra, eta Leioako Toc Arte. Itzubaltzetarrek beren txotxongiloak aurkeztuko dituzte eta Ana Jauregi eta Arantza Sanz leioztarrek, berriz, zeramika ale anitzak jarriko dituzte salmentan.

VII. Azoka Ez Komertziala

Azken urteotan bezala, Sapuetxe gaztetxeak abenduaren 6tik 9ra bitartean Azoka Ez Komertzialaren edizio berri bat hartuko du. Azoka hau 1999an abiatu zuten, “kulturaren merkantilizazioa” salatzeko eta kolektibo eta banatzaile antikomertzialeei “negozio kulturalari alternatiba” eskaintzeko, beraien materialen aurkezpen eta salmentarako toki bat eskainiz zein pertsonen arteko harreman sareak kontsumotik at kokatuz. Sapuetxen ez da “gehiegizko prezioak” dituzten edo helburu material hutsa duten materialak aurkituko eta bai, aldiz, dirua irabaztea helburutzat ez duten argitaletxe eta diskoetxeen materiala, tartean kapitalismoaren aurkako borrokan ekarpena egitea helburu dutenak. Azoka honen antolatzaileen arabera, “materialen prezioak eskuragarria izan behar du, kultura herrikoiaren zabalpenean mugarik ezarri gabe”, horregatik, “azoka honetan alternatibo gisa definitu daitezkeen arren, beren banaketa bidea komertziala duten materialek nahiz etekin ekonomikoak lortzea helburu dutenek ez dutela lekurik izango”.

Azoka Ez Komertziala egunero 12etan zabalduko da eta saltoki bakoitzak jakingo du noiz itxi behar duen. Era berean, azokarekin batera hainbat jarduera izango dira, tartean egunero arratsaldeko 2etan egingo den bazkari beganoa.

Euskal Liburu eta Disko Azoka

Zaharrena izanagatik Durangon topatuko dugun azokarik indartsuena da Euskal Liburu eta Disko Azokaren 41. ediziokoa. Gerediaga elkarteak Landakon burutzen duen azoka honetan saltokiez gain makina bat ekitaldi izango dira, azokan bertan, Durangoko arte eta historia museoan, San Agustin kulturgunean eta Plateruena kafe antzokian. Baten bat aipatzearren, Unai Elorriagak ostegunean arratsaldean izango da liburuak sinatzen Elkar-Liburuak saltokietan (Goienkale 82-96) eta ostiralean, berriz, arratsaldeko 18:00etan Leioa Kantika Koralak "Kantika" CD-DVDa aurkeztuko du Elkartegian. Bestalde, ordutegia 10:30ak eta 20:00ak bitartekoa izango da.

Liburu, disko eta bestelako kultur lanei dagokienez, nonahi topatu ahal izango dira Uribe Kostakoen aurtengo uzta. Besteak beste, All Jazz Era Gorlizko musika taldearen “All Jazz Era” CDa; Basaki leioztarrek Baga Bigarekin kaleratu duten “Esperantzaren zain” diskoa; Iñigo Bullain zuzenbide konstituzionaleko irakaslearen “Regioak, Estatu-nazioa eta Europear Estatua” saiakera; Josu Chueca Leioa eta Erandioko campuseko irakaslearen “Gurs” liburua; Joxi Basterretxea irakasleak UEUrekin kaleratutako “Gu gara euskal prentsa. Hautu baten kronika 1976/2006” DVDa; Unai Iturriagak idatzitako “Hitzak batzen gaitu” liburuxka eta algortarren hitzek Eider Eibarren marrazkiekin osatutako “Matxinsaltoen belarriak” haurrentzako liburua; edota Iñaki Gonzalo Casalek, “Kitxu”, kartzelan idatzitako “El niño de Maguey”.

Durangon izango dira ere Leioa eta Zorrotzako Kloratita musika taldearen “Etikaz mintza gaitezen...” lan multimediatikoa (CDa, liburua eta DVDa); Konter musikari algortarren “Aro berria”; Ludger Mees Leioa eta Erandioko campuseko eta EHUko euskara errektoreordeak Getxoko alkatea eta Bizkaia eta Gipuzkoako Lehendakaria izan zenari buruz idatzitako “El profeta pragmatico: Aguirre, el primer lehendakari (1939-1960)” liburua; Laura Mintegiren “Ecce homo” eleberria; Manu Montero Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekano ohiak bildutako “Las Cortes del desastre : impresiones parlamentarias publicadas en ‘El liberal’, de Bilbao, por Indalecio Prieto” liburua; eta Juan Luis Mugertza berangoztarrak idatzi eta Fernando Torrecillak marraztutako “Kilkerra eztarrian” liburua.

Aurrekoekin batera, azokan aurkitu ahal izango dira Nun talde algortarraren “Collage” diskoa; Xabi Payak ingelesetik itzulitako Geraldine Mc Caughrean-en “Peter Pan eta jaka eskarlata” eta Fredi anaia eta Karlos Aizpuruaren laguntzaz egindako Mainontzi bertsolaritzari buruzko mahai jokoa; Getxoko hainbat auzokide fusilatu zuen falangista baten istorioa kontatzen duen Ramiro Pinillaren “La higuera” eleberria; Pello Salaburu irakasleak eta EHUko errektore ohiak Maite Lakarrekin batera osatutako “Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia”; Mitxel Sarasketak itzulitako “Egun bat nire bizitzan”, Bobby Sands gose greban hil zen IRAko militantearen liburua; Sopelako surfa eta hondartzekin zein Ramiro Pinillaren Getxoko literatur tailerrarekin lotura handiak dituen Willy Uribe argazkilari eta idazle bilbotarraren “Nanga” lehenengo eleberria; Ramon Zallo Leioa eta Erandioko campuseko irakaslearen “Euskal Herria gaur” saiakera liburua; Esther Zorrozuaren “Bilbao, ciudad abierta” eleberria; eta, jakina, hemen sartu ez direnak zein aurreko urteetako lan guztiak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun