Udal aurrekontu proiektuak "hutsune eta okerrak" dituela salatu du Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 7a, 19:48

Urriaren 27ko udalbatzarrean behin-behinekoz onetsi eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, 2007ko aurrekontuak 15 egunez izan dira jendaurrean. "Apartheida zorrozki betez, Udal Gobernuak ez digunez ezelako paperik erakutsi argitaratu aurretik, Getxo Biziak ezin izan zuen urrian baloraziorik egin", salatu du ezker abertzaleko herri plataformak. Gauzak horrela, abenduaren 1ean aurkeztu egin zituen galdapenak. Besteak beste, galdapenak aurkezteko epea beste hamabost egunez luzatzea eskatu du Getxo Biziak, aurrekontu proiektuak hainbat "hutsune eta oker" dituelako. Aurkeztutako galdapenen artean, telefonia mugikorrerako antenen inguruan egon diren osasun arazoen gaineko ikerketetarako dirua ere eskatu du Getxo Biziak. Argazkian, gizon bat bere etxe inguruan dauden telefonia antenak begiratzen, azaroaren 30ean, Algortan 300 bat lagun bildu zituen kontzentrazioaren ostean.

"Hasiera batean onartutako Getxoko Udalaren Aurrekontu Orokorrean hainbat hutsune daude, eta horrek eragotzi egiten du aurrekontuak behar bezala aurkeztu eta galdapenak egin ahal izatea", azaldu dute Getxo Biziakoek. Besteak beste, "gastuen sailkapen ekonomikoan agertzen diren zenbait inbertsio ez dira Inbertsioen Eranskinean agertzen, aldea handia delarik (9 milioi euro baino gehiago); hainbat programari dagozkien fitxetan ez da ekintza zehatzik agertzen; beste programa batzuen fitxetan agertzen diren gastuak eta gastuen sailkapen ekonomikoan agertzen direnak ere ez datoz bat; beste programa batzuen deskripzioetan batuketak txarto eginda daude, edo kontzeptuak falta dira; eta azkenik, Udalbatzar Osoak urriaren 27an onartutako zuzenketa batek 43.260 euro gehitzea aurreikusten zuen partida batean, baina jendaurrean agertutako aurrekontuetan partida hori ez da agertzen", ezker abertzaleko herri plataformako kideek zehaztutakoaren arabera. Hori dela eta, "galdapenak behar bezala prestatu eta egin ahal izateko epea beste hamabost egunez luzatuta, hutsuneak eta okerrak zuzendu eta berriro jendaurrean erakustea", eskatzen dute aurkeztutako galdapen orokorrean.

Galdapen zehatzak

Bestalde, hamar galdapen zehatz aurkeztu ditu Getxo Biziak, hainbat gastu murriztu daitezela eskatuz. Horren harira, "justifikatu gabe dauden" hiru milioi euro, "babestutako etxebizitza politika egokia burutzeko beharrezkoa" dela uste du plataformak. Bestalde, Espainiako Udalen Elkarteari egiten zaion 5.000 euroko ordainketa ezeztatzea ere eskatzen dute ezker abertzaleko kideek.

Murriztu beharreko diru-sarrerei buruz ere galdapena aurkeztu du Getxo Biziak: "Isunetan 866.793 euro murriztu, 2005eko mailara itzuliz eta 2006ko igoera (%68) eta 2007koa (%38) ezabatuz".

Azkenik, sortu edo gehitu behar litezkeen diru sarreren artean, etxebizitza, euskalduntzea, gai ezberdinei buruzko erreferendumak (HAPOren moldaketa, LZPra egokitzeko Portu Zaharrerako planak -Galdaretxeko bidea eta igeritokiak zeudeneko orubea-, zarama-tasen igoera), garapen lankidetzarako %0,7, udaletxean software librea, telefonia mugikorrerako antenen inguruan egon diren osasun arazoen gaineko ikerketak, jaien oraingo aurrekontua bikoiztea, enplegua sustatzea, Getxoko auzi ezberdinei buruzko partehartze prozesuak martxan jartzea, Algortako Portu Zaharrean abian den partehartzezko prozesuari babesa, Kandelu erreka babestu eta Gobela garbitzea, preso dauden pertsonen senideei diru gehiago ematea (gaur egun iragarrita dauden laguntzak estali ahal izateko) aipatzen ditu Getxo Biziak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun