Txanogorritxo, hiru txerritxoak, jentilak, lamiak eta enparauak gurasoei zein seme-alabei ipuinak sortu eta kontatzen irakasteko bilduko dira etzi eta etzidamu, asteazken eta osteguna, Areetako udal liburutegian. Antton Irusta ipuin kontalariaren esanetara, euskal mitologiako, ipuin tradizionaletako zein norberak sortutako unibertsoko pertsonajeek “guraso eta seme-alabak elkarrekin ipuin kontaketaz gozatzeari eta euskaraz kontatzera motibatzeari” ekingo diete. Tailerrak euskaraz gauzatuko dira 17:30etatik 19:00etara eta lehenengo egunean gurasoek baino ez dute parte hartuko, bitartean haurtzaindegi zerbitzua egongo dela. Bigarren egunean, berriz, seme-alabek ere parte hartuko dute. Tailerra
Sendi egitasmoak abiatu du. Ekimen hori
Egizu Getxo Euskaldun! euskara elkartearen eta
Getxoko Udal Euskara Zerbitzuaren eskutik jaio da, Getxoko umeen gurasoek euskara erabiltzea eta belaunaldien arteko hizkuntza transmisioan eragitea helburu. Ikastaroan izena emateko gaur da azken eguna, horretarako, 685 732 963 telefonora deitu edota
sendigetxo@yahoo.com e-postara idatz daiteke. Irudian,
Artez euskara zerbitzuak Txanogorritxori buruz kaleratutako postala.