Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

“Adieraz zaitez!” euskarazko komunikabideen aldeko festak hartuko du Itzubaltzeta gaztetxea ostiralean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 12a, 20:40

UKBERRI.NET eta Gure Irratia euskarazko komunikabideen aldeko “Adieraz zaitez!” jaialdia izango da ostiral honetan Itzubaltzeta / Erromoko gaztetxean. UKBERRI.NETeko kazetariek antolatutako ekimenean, Bapo Morgan, Kuenta Atras eta Libertad Condicional musika taldeek, UKTEST txalapartarien elkarteak, Algortako Bertsolari Eskolako (ALBE) hainbat kidek eta DJ Bull disk jockey gipuzkoarrak hartuko dute parte, eskualdeko digitalaren eta Lapurdiko irratiaren aldeko diru bilketan nork bere harri koskorra ekartzeko. Festa ostiral honetan, abenduak 15, izango da, 19:00etatik aurrera, eta bertan aterako den dirua irailaren bukaeran hainbat ezezagunek era “susmagarrian” UKBERRI.NETeko erredakzioan lapurtutako materiala ordezkatzera eta Gure Irratiaren estudioan sute batek sortutako kalteak konpontzen laguntzera bideratuko da. Era berean, Uribe Kostako digital euskaldunak bazkidetza kanpaina berri bat abiatu eta datorren erronkak jendaurrean azalduko ditu.

“Adieraz zaitez!” leloaren bidez antolatzaileek nabarmendu nahi izan dute komunikabide euskaldun horietan, “irakurri edo entzuteaz gain, entzuleak edo irakurleak aktiboki jokatzen duela. Hasteko, euskaldun gisa agertzen delako eta egunero edo aldiro jarrera hori elikatzen duelako hain erdaldunduak diren zonaldetan. Era berean, bertsio ofizialetik aparte bilatzen duelako informazioa eta, azkenik, hedabide arruntetan ez bezala, komunikabide hauetan zuzenean parte har dezakeelako, bai informazioa bidaliz, bai kritikak eginez eta baita ere proiektuaren kidea izanez eta komunikabidearen norabidea zuzenduz”.

Hasieran, UKBERRI.NETeko kideek komunikabide horretatik lapurtutako materiala ordezkatzeko antolatu zuten jaialdia, baina Gure Irratiak 9 hilabetetako diru bilketaren ostean abenduaren 5ean izandako sute baten ondorioz berriro ere estudio gabe egongo zela jakitean argi ikusi zuten Gure Irratiaren proiektua bat datorrela “Adieraz zaitez!” kanpainaren filosofiarekin eta hori dela eta Baionako irratira bideratuko dute jaialdiak sortuko duen diruaren herena. “Irailaren 28an Guardia Zibileko agente batzuek mehatxatu eta hurrengo egunetan gure argazki artxiboa, ordenagailua, disko gogorra eta argazki kamera era susmagarrian inkontrolatu ezezagun batzuek lapurtu zigutenetik, elkartasuna baino ez dugu jaso ia leku guztietatik. Horrela izanda, nekez joka genezake beste era batez”.

“Adieraz zaitez!” jaialdiko egitaraua:

- 19:00etan, bertso saioa, Ilargi Zuazua (Sopela), eta Galder Bilbao “Txapi” (Algorta) bertsolariekin. Gai jartzailea: Nahikari Ayo (Itzubaltzeta)

- Txalaparta festa, Uribe Kostan Txalaparta Ekimenetarako Sustapen Taldearen (UKTEST) eskutik.

- UKBERRI.NETeko erronka berrien aurkezpena eta Gure Irratiari buruzko azken informazioak.

- Kontzertua, Kuenta Atras (Algorta), Libertad Condicional (Berango, Algorta eta Urduliz) eta Bapo Morgan (Erandio) musika taldeekin.

- DJ festa, DJ Bullen eskutik.

Parte hartzaileak:

Bertsolariak: Ilargi Zuazua, Galder Bilbao “Txapi” eta Nahikari Ayo bertsolariek ez daukate antz handirik, nahiz eta hirurak Algortako Bertsolari Eskolako (ALBE) kideak izan. Galder Bilbao “Txapi” da bertako bakarra. Ilargi Zuazua bertsolari sopeloztarrak gaztea izanagatik plazetan eta tabernetan eskarmentu handia dauka. Galderrek, berriz, behartuta bada ere, indar handia jarri du urtetan bertso paperetan. Azkenik, Nahikari gai jartzaile itzubaltzetarra beste bertsozale eta bertsolari gazteak prestatzen bideratu ditu indarrak.

UKTEST: 2004an hasi zen Uribe Kostan Txalaparta Ekimenetarako Sustapen Taldeak txalaparta jaiak antolatzen. Urtero-urtero ehunaka lagun batzen ditu eta gero eta ikastaro eta tailer gehiago ematen dituzte urtean zehar, txalaparta kalera atereaz Uribe Kostako auzokideek instrumentu hau ezagutzeko eta jotzeko aukera izan dezaten; eta nola ez txalaparta jaiari eta eskualdeko euskal giroari bizitza emanez.

Kuenta Atras: egun Algortako musika talde klasikoetako bat, Esanak Esan Algortako musikarien kolektiboan parte hartu zuenetarikoa. Doinu gozoak eta hitz zorrotzak etengabe astintzen dituzte gazteleraz.

Libertad Condicional: txikitatik lagunak baziren ere, 2003. urteraino ez zuten elkarrekin lehenengo kontzertua eman Berango, Algorta eta Urdulizko 5 gaztek. Hortik aurrera osatu zen taldea eta orain arte eskualdean zehar aritu dira hainbat kontzertutan. Euskaraz zein gazteleraz abesten dute, horretarako Zurik, Naiarak, Beñatek zein Gorkak ahotsak jartzen dituztela. Gorkak gitarra jotzen du ere, Iñigok bezala. Taldekideen zerrenda Ortu baxulariak eta Iskander bateria joleak ixten dute. Horretaz gain, hainbat kolaboratzaile finko dituzte: besteak beste, Santi turuta jolea eta Julen gitarra akustikoa jotzen duena. Esanak Esan Algortako musikarien kolektiboan parte hartu zuten.

Bapo Morgan: erandioztarrak 2004ko urrian batu ziren, bakoitza talde anitzetatik igaro ostean. Diego baxulariak Marcos Ferrer kantautorea, Spree, Los Puertas, Txuk y los Berryfins proiektuetatik pasatu zen; Juan, berriz, Milana taldean aritu zen; eta Itzik, azkenik, hainbat instrimentuetan aritu zen. 2005a urte mugitua izan zen Bapo Morganentzat: apirilerako maketa grabatua zuten eta zuzeneko emanaldiei ekin zieten: Bizkaia, Gipuzkoa eta Bartzelonan zehar. Abuztuan, berriz, Itzubaltzeta / Erromoko jaietako Rock lehiaketa irabazi zuten, eta abendua ere kontzertuka bukatu zuten. 2006an, baina, ez dute hain erraz izan biltzea eta zuzenean jotzea eta aspaldiko partez oholtzaren gainean ikusteko aukera izango da ostiral honetan.

DJ Bull: DJ gipuzkoarra Tolosako Raku tabernan hasi zen diska konpaktoak nahasten, eta ingurukoek bultzatuta herrietako jaietan hasi zen ikuskizunak ematen. Gaur egun, giro euskalduneko jaialdietan, erromerietan edota txosnetan aritzen da, ordenagailuz musika jira eta biraka jarriz eta ikus-entzuleak dantzan eta saltoka ipiniz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun