Bilbo Metropolitarrean euskarazko telebista abian jartzeko ekimenak hasi dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 12a, 22:23

Bilbo Metropolitarrerako euskarazko telebistaren aldeko ekimenak abian daude jada eta, datozen asteotan, bultzada handia jasoko dute Ibaizabal Mendebalde kultur elkartearen eskutik. Lehenengo eta behin bost euroko laguntza bonoak ipiniko dira salgai eta, urtarriletik aurrera, bazkideak egiteari ekingo zaio. Era berean, tokian tokiko telebistak eratzeko arautegi markoaren arabera, eta Bilbo Metropolitarrean sortu nahi den euskara hutsezko telebistari buruzko nondik norakoak azaltzeko, diptiko bat banatuko da abenduan, euskara eta euskal kulturarekiko lotura zuzena duten ekitaldi ia guztietan, Ibaizabal Mendebaldeko iturriek jakinarazi dutenez. Argazkian, maiatzaren 19an, Bilboko Kafe Antzokian egin zen Ibaizabal herri ekimenaren talde eragilearen aurkezpena.

Zehazki, 15.000 ale argitaratuko dira proiektuaren nondik-norakoak azalduz, honako ekitaldi hauetan banatzeko: Kafe Antzokiaren 11. urteurreneko ospakizunetan (abenduaren 11an); Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean (Euskalduna Jauregian, abenduaren 16an); Santo Tomas azokan (abenduaren 21ean); Olentzero (abenduaren 24an); eta Euskadi eta Serbiaren artean jokatuko den nazioarteko futbol norgehiagokan (San Mamesen, abenduaren 27an).

Horretaz gain, Bilbo Metropolitarreko euskarazko telebistaren inguruko iritziak zein iradokizun guztiak jasotze aldera bitakora prestatu du Ibaizabal Mendebalde kultur elkarteak helbide honetan: www.ibaizabaltb.com.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun