Euskal Herriko naziotasuna aldarrikatu dute Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 18a, 10:27

Udalbiltzaren deialdiarekin bat eginez, larunbat goizean Euskal Herriko Naziotasun Aitormena (EHNA) tramitatzeko Torrene kaleko bulegoa ireki zuen Getxo Biziak. Urte osoan zehar astelehenetik ostiralera arratsaldez irekita dagoen tramitazio bulegoak 10etatik eguerdiko ordu biak arte izan zuen atea zabalik. EHNA tramitatzeko aparteko aukera baliatu zuten herritarrez gain, Naziotasun Eskubidearen Eguna ospatuz, EHNA eskuan lokalaren aurrean argazkia egin zuen jende taldea ere bertan izan zen. 1948ko "Giza eskubideen aldarrikapen unibertsaleko" 15. artikuluak dioen bezala, "pertsona orok du herritartasuna izateko eskubidea. Inori ezingo zaIo arrazoirik gabe herritartasuna kendu, ezta herritartasuna aldatzeko eskubidea ukatu ere". Argazkian, EHNA eskuan Torreneko bulegoan batu ziren lagunak.

Naziotasuna herri guztietako herritarrek duten eskubidea bada ere, guri dagokigunez, Euskal Herriari eta euskal herritarroi dagokigunez, ukatu egin digute. Euskal nazioko partaideak garela adierazteko eskubidea izan beharrean, frantses edo espainol naziotasuna egokitzen digute gure herrian, gizaki orok naziotasun propioa aukeratzeko eskubidea badu ere.

Ukazio horri aurre egiteko, "Bai Euskal Herriari" herri ekimenak naziotasuna izateko eskubidearen aldeko ekimena jarri zuen abian 1999an eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarrikapenen ildoan, eta euskal nortasun nazionalaren aldeko sinadurak biltzeari ekin zion. Ekimen horren bitartez, 125.000 herritarrek baino gehiagok Euskal Herriko naziotasuna islatuko zuen agiri ofiziala sor zedin bermatzeko eskatu zioten Udalbiltzari.

Herritarren eskaerari jarraiki, Udalbiltzak Euskal Herriko Naziotasun Aitormena bideratzea erabaki zuen 2001eko martxoan egindako II. Batzar Nagusian, eta agiriari aterabidea eman eta hura eskuratu ahal izateko prozedurari ekin zion.

Nazio baten partaide sentitzeko eta, beraz, norbere naziotasuna aitortzeko eskubidea aintzat harturik, borondate librean oinarritutako adierazpena sortu zuen Udalbiltzak:

Adierazpena

Nik, euskal herritarra naizen honek, zera aldarrikatzen dut:

Euskal Herria Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroa Behereko eta Garaiko, Lapurdiko eta Zuberoako lurraldeez osaturiko herria da.

Euskal Herriaren hizkuntza euskara da, denon begirune osoa behar duena, eta euskal lurralde osoan estatus ofizial nahikoa izan behar du.

Euskal Herria bere buruaren jabe da, nazio beregain eta librea, eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea du.

Aitormena

Ni euskal herritarra naiz eta euskal naziotasunaren jabe naiz.

Oharmen, nahimen eta erabakimen osoz, Euskal Herriaren bizitzako partaide naiz, eta guztiz aintzakotzat hartzen dut Euskal Herriaren berezko izaera eta beregain bizitzeko borondatea, bai egungoa eta bai etorkizunekoa.

EHNA norberak sentitzen duen naziotasuna jendaurrean adierazteko agiriek osatzen dute (aitormenak eta sakelako euskarriak). Adierazpena eta aitormena jasotzeaz gain, herritarraren irudia eta datuak ere islatzen ditu. Udalbiltzari dagokio naziotasuna aitortzen duen herritarrak emaniko datuak egiazkoak direla bermatzea. Sakelako euskarrian jabearen irudia eta datuak azaltzen direnez gero, edozeinen aurrean fidagarritasun osoz identifikatzeko balio du, nahi izanez gero.

Udalbiltzak 2001ean sorturiko ekimena aurrera doa. EHNAren izapidea zabaldu egin da eta, egun, hainbat udalek eta udal hautetsik hartu du bere gain naziotasun aitormenaren agiriaren izapidea. Zerbitzu publiko honen bermea gauzatu da 2005ean Euskal Herriko zazpi lurraldeetan.


Getxo Bizia herri plataforma
e-posta: info[a bildua]getxobizia.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun