Mozioaren testua:
Getxo Biziak eta Getxoko Etxeratek Jon Aingeru Otxoantezana presoaren senideek jasandako istripuaren aurrean aurkezten duten mozioa:
Joan den abenduaren 9an, Nanterren (Paris) duten Jon Aingeru Otxoantezana “Kirru” Ondarruko preso politikoaren neskalagun Beatriz Fernandezek eta beraien 7 urteko semeak sakabanaketak eragindako istripua jasan zuten, Jon Aingeru Otxoantezana bisitatu ostean beraien bizitoki Algortarako bidean zirela. Jon Aingeru Otxoantezanarekin dagozkien bisitak egiteko, 2.000 kilometro baino gehiagoko joan etorria burutu behar izaten dute, izugarrizko odoluste ekonomikoari aurre egin behar izateaz gain, beraien biziak arrisku larrian jarriz.
Sakabanaketak Jon Aingeru Otxoantezanaren senideei eragindako istripuaren ondorioz, ama-semeak Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zituzten. Zorionez, ordea, ez zuten atzeraezinezko kalte fisikorik jasan. Autoa, aldiz, ezertarako balio ez duela geratu da.
Senide eta lagunoi eginarazten dizkiguten milaka kilometroren ondorioz ere, 1997ko martxoaren 14an Angel Figeroa preso politikoaren amona eta Getxoko bizilaguna Antxoni Fernandez hil egin zen Alcala Meco kartzelara (Madril) zihoala jasandako istripuan.
2006ean, 45 senide eta lagunek jasan dituzten 21 istripu larri eragin ditu sakabanaketa politikak, oraingoz.
Beraz, sakabanaketa politikak gure senide preso politikoen eskubideak etengabe urratzeaz gain, senide eta lagunok ere zuzenean kolpatzen gaitu.
Horren guztiaren aurrean, Getxo Biziak eta Getxoko Etxeratek ondoko mozioa aurkezten dute Osoko Udalbatzarrean onartua izan dadin:
- Udaletxe honek Jon Aingeru Otxoantezanaren senideek jasaniko istripua UMP eta PSOE alderdiek indarrean duten sakabanaketa politikak eragindakoa izan dela salatzen du.
- Egun Pariseko eta Madrileko gobernuek Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aurka indarrean duten espetxe politika presoen eta senideen sufrimenduan ardaztua dago eta heriotza eta samina sortzen du. Giza sufrimendua sortzeaz gain, gatazka politikoa elikatu egiten du.
- Horregatik guztiagatik, eta, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren eta beraien senideen eskubide guztiak bermatzeko bide bakarra delako, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa eskubide guztien jabe izanik urgentziaz Euskal Herrian biltzeko exijitzen die Udal honek Madrileko nahiz Pariseko gobernuei.
- Hala jakinaraziko die udal honek bi gobernuei exijentzia hori eginez zuzenduko dien idatzian.
- Halaber, eta, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Euskal Herriratua izan dadin exijitzeko Etxerat elkarteak Azken Ostiralero iluntzeetan egiten dituen mobilizazio isiletan herritarrei parte hartzeko deia luzatzen die Udal honek.
- Udal honek ere aipatu kontzentrazioetan parte hartzeko eta euskal preso politikoen eta beraien senideen eskubideen defentsan konpromisoak hartzeko prestutasuna erakusten du.
- Erabaki hauen guztien berri emango die udal honek herritarrei nahiz komunikabideei.