Gotzon Lobera Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko Zuzendariak era honetako tresnak zein baliagarriak diren azpimarratu zuen: "XXI. gizaldian bizi gara. Ez dugu uste, guztientzat erabiltzeko moduan dagoen inguru bat erabil ahal izanda, guk pozik egon beharko genukeenik; areago, uste dugu, mundu elkartsuagoa egin behar badugu, eta hor guztiok batera jardun behar dugula, eta falta duenari larregi daukanak eman behar diola, bai eta mundu birtual honetan ere. Horregatik guztiagatik, aldarri dezagun: Izan ditzagun aukera berdinak, guztiok modu bera izan dezagun toki berera heltzeko".
Imanol Landa Getxoko Udaleko lehenengo alkateordeak, berriz, egitasmo hau nondik sortu zen azaldu zuen: "Euskararen etorkizuna, hizkuntza guztiena bezalaxe, gazteen eskuetan dagoela esaten badugu, argi dago denok ados egongo garela. Horiek horrela, euskararen etorkizuna bermatu nahi izateak, gazteengana jo beharra dakar derrigorrean, gazteek erabiltzen dituzten produktu eta mugitzen diren esparruetara, hain zuzen. Beraz, gazteek egiten dituzten jardueretan, euren zaletasunetan, euskarak bere presentzia eduki behar du: aisialdian, kirolean, telebistan, aldizkarietan baina baita teknologia berrietan, izan ere, ordenagailuak eta sakelako telefonoak asko erabiltzen baitituzte gazteek, egunero, euren artean komunikatzeko: SMSak, mezuak, blogakk… Gazteei euskaraz bizitzen laguntzeko tresna izan nahi lukeen katalogoa duzue hau. Orain zure txanda da, gazte! Sartu sarean eta gozatu Internet-en duzun euskarazko eskaintzaz!".
Katalogoaren ezaugarriak
Sareko Euskarazko Produktuen Katalogoa 16 eta 26 urte bitarteko gazteentzat prestatu da. Bere helburua gazteei Interneten dauden euskarazko produktuei buruzko informazioa hurreratzea da. 77 erreferentzia topatu ahal dira katalogo honetan, eta atal nagusi bi ditu:
- Lehenengoa, Sarean Blai da. Bertan, euskarazko softwarea, baliabideak, blogak euskaraz egiteko tresnak, denbora-pasarako jolasak, txateatzeko guneak, aldizkari elektronikoak eta beste hainbat guneri buruzko informazioa kaleratzen da.
- Bigarren atala, Ikusi eta Ikasi da eta hezkuntzarekin lotutako baliabideen informazioa bideratzen da. Besteak beste, apunteak, liburuak eta ariketak dituzten guneak, datu-baseak eta liburutegietako katalogoak.
Sareko Euskarazko Produktuen Katalogokoak liburuxka formatua du eta CD batekin batera banatuko da. CD-an liburuxkako informazio guztia bilduta dago eta baita, web guneen sareko esteka zuzena, klikatu eta zuzenean sartzeko.
Euskaraz bizitzen laguntzeko asmoz egindako katalogoa Bizkaiko 15 udalerritan banatuko da. Alde batetik, Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Basauri, Berriz, Etxebarri, Gernika-Lumo eta Markina-Xemeingo 7.000 gazteei bidaliko zaie katalogoa. Bestetik, Alonsotegi, Berango, Enkarterriko Udalen Mankomunitatea, Erandio, Getxo, Gordexola, Urduña eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak bideratuko dituzte beste 8.800 ale. Guztira, katalogo honen 18.000 ale banatuko dira.
Sareko Euskarazko Produktuen Katalogoa hainbat erakunderen ekimena da. Egitasmoaren sustatzaileak Bizkaiko 13 udaletako Euskara Zerbitzuak dira (Udalen aldetik, Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Basauri, Berriz, Etxebarri, Gernika-Lumo eta Markina-Xemeingo. Bestetik, Alonsotegi, Berango, Erandio, Getxo, Gordexola eta Urduña) eta baita 2 Mankomunitate (Enkarterriko Udalen Mankomunitatea eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea) Udako Euskal Unibertsitateak osatu du kaleratzen den informazioa, Euskaltelek babestu du ekimena eta Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Alkarbideren laguntzaz kaleratu da.
Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)