Datorren abendurako agindu dituzte Santa Anako BOEak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 19a, 19:49

Areetako Santa Ana auzoan Getxoko Udalak egin dituen babes ofizialeko 72 etxebizitzek jabea daukate honez gero eta 2007ko abendua aldera emango dituzte, udal arduradunek adierazitakoaren arabera. Atzo eguerdian egin zen Getxoko probalekuan zozketa, Etxebideko zerrendetan izena emandako 1.477 auzotarren aurrean. Hurrengo zozketa datorren urtean izango da, tokiko iturrien arabera, eta horretan 32 BOE emango dituzte Algortako Konporte eta Iturribarrin. Argazkian, Santa Anako BOEen eraikuntza lanak, Areetan.

Zozketak Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailburua eta Iñaki Zarraoa alkatea izan zituen buru. Madrazok adierazitakoaren arabera, “etxebizitzaren arazoa konpontzeko bidean hondar ale bat baino ez da gaurkoa (atzogatik), arazoa oso osorik konponduko ez duelako. Dagoen eskariari erantzuna ematen ahalegintzen ari gara Getxon arazo honi behin betiko irtenbidea eman aldera, gazteak herrian bizi ahal izateko”. Zarraoak bere aldetik, "udal erakundeek herrian BOEk altxatzeko hasi duten maratoiaren etapa berri bat baino ez" dela, aipatu zuen, "azkenik etxebizitzaren auzia konpon dadin, herritar guztion eskubidea delako etxebizitza”

Banaketa

Santa Anako 72 BOEk ondoko era honetara banatuko dituzte; 3 elbarrituentzako izango dira; 2 guraso bakarreko familientzat; 6 Etxebiden 4 urte izena emanda izan dutenentzat; 13 kupo orokorra delakoan daudenentzat eta azken 48ak 35 urtetik beherakoentzat. Etxebizitzek 2 gela dituzte, trastelekua eta garajea ere, eta euren azalera 63 eta 74 metro koadro artekoa da. Etxebizitzaren prezioa 1.342,60 eurokoa da metro koadroko, eta 430,91 balio du garaje eta trastelekuen metro koadroak ( gehi %7ko BEZ).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun