Onartutako aurrekontuak "oso xumeak" dira Sopelako alkatearen iritziz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 20a, 18:33
Datorren urteko aurrekontuak onartu zituen atzo Sopelako udalbatzak, iazko kontuen aldean %7,21eko igoerarekin. Aurrekontu bateratua 17.482.983,27 eurokoa izango da, Udal Euskaltegiaren kontuak baitan direla. Imanol Garai alkatearen iritziz, Sopelako Udalak “ahalegin handia egin du gastuen eta diru sarreren arteko aldea txikitzen, urtearen erdialdean ez dadin ezustekorik gertatu. Horregatik, gastuari dagokionez, oso kontu xumeak dira, urtea parez pare amaitu nahi dugulako, berdinduta”. Garaik zein Gonzalo Garcia Ogasun eta Ekonomia arduradunak onartutako aurrekontuen "ikuspegi soziala" eta azpiegituren atalak izango duen "garrantzia" azpimarratu zituzten. Udal gobernua (EAJ) ez beste alderdi guztiak bat etorri ziren Sopelak UUribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateari zuzentzen dion diru kopuruaz protesta egiteko orduan, “ezin delako ez kontrolatu, ezta fiskalizatu ere”. Sopela Aurrerak, EB-Berdeek eta PPk aurrekontuen aurka bozkatu zuten. Argazkian, Sopelako udalbatzarra.
Gizarte gaietan, behar handiena duten taldeei eta hirugarren adinari zuzendutako diru partidak, nabarmendu zituzten udal arduradunek. Besteak beste, liburuak erosteko, adinekoak etxean zaintzeko, kiroldegiko kuotak ordaintzeko eta 0 eta 2 urte arteko haurrak eskolaratzeko laguntzak iragarri dituzte. "Emakumeei zuzendutako eta berdintasuna bermatzeko egitasmoek ere laguntza handiak izango dituzte", gaineratu zutenez. Garaik iragarritakoaren arabera, "2007ko urte amaieran babestutako etxe ugari eraikitzeko aukera sor liteke, 200 inguru, babes ofizialekoak batzuk eta tasatutako salneurrikoak beste asko, Bareño, Asu eta Loiolan". Horretaz gain, 2007an "erabat finkatuta" geldituko dira Kurtzioko kultur etxearen gainekoak.

Urko kiroldegia

Azpiegiturei dagokienez, Urko kirolgunean egingo dira inbertsio handienak. Kirol anitzeko atletismo pista egingo dute, teniserako pista eta skatepark berriarekin batera, jakinarazi dutenez. Kirolgunera errazago iristeko zubi berria eta oinezkoentzako zubia ere eraikiko dira.
Turismo sustapenean, "berebiziko garrantzia" izango dute Zeltar Itsas Jokoek, Sopelak eta Getxok hartuko baituzte 2008ko udan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun