Ertzaintzak identifikatu eta sakabanatu ditu Itzubaltzetan egindako elkarretaratzeko kideak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 20a, 19:54

Ertzaintzak lau gazte identifikatu ditu gaur goizeko 11:30ak aldera Itzubaltzeta / Erromoko Artatza-Romo institutuaren aurrean. Gazteek Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta ezker abertzaleak “Eraso guztiak gelditu, baldintza demokratikoak orain!” lelopean deituriko eta Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak debekaturiko mobilizazio egunaren barruan elkarretaratzea egiten ziharduten, Ertzaintzako 2 furgoneta, auto bat eta kalez jantzitako hainbat polizia agertu arte. Horren ostean, bertako Segiko taldeak salatu duenez poliziek gazteak identifikatu eta mehatxatu dituzte. Goizean ere, 100 bat ikasle eta irakaslek mobilizatu dira Erandio eta Leioako campusean eta Iñaki De Juanaren egoera gaur bildu den EHUko Gobernu Kontseiluraino heldu da, Bestalde, ezker abertzaleak hainbat mobilizazio deitu ditu eskualdean iluntzerako, tartean 8etan Algortako Telletxe kalean eta Itzubaltzeta / Erromoko Kolas plazan burutzekoak direnak. Argazkian, ezker abertzaleko hainbat ordezkari Usurbilen, gaurko mobilizazio eguna deitu zen prentsaurrekoan.

Itzubaltzeta / Erromoko Segiren oharra:

Gaurko egunean, abenduaren 20an Mobilizazio Egunaren baitan, elkarretaratzea burutu da Itzubaltzeta/Erromoko Getxo IV institutu parean, baldintza demokratikoen alde eta eraso guztiak etetearen alde.

Lau gazte zeuden elkarretaratzean, bakoitzak esku artean kartel handi bana zuela, eta aurpegian kolore ezberdinez margoturiko maskarak.

Institutu parean jarri eta berehala PNVren borreroen 2 furgoneta eta patrulla bat azaldu dira, baita zenbait sekreta ere. Laupabost minutuz aurrean geldi egon ondoren, ibilgailuetatik jaitsi eta identifikazioak eskatu dituzte, Garzonen eta Entzutegi Espainiarraren aginduz kontzentrazioa debekaturik zegoela behin eta berriz errepikatuz. Kaputxadunen jarrera erasokorra ikusirik, gazteek identifikazioak eman eta zertarako behar zituzten galdetzean, Ertzainek "beharrezko neurriak" hartzeko zirela erantzun dute. Zenbait mehatxu bota ostean, eta helburua lortuta, sakabanatzeko agindua luzatu dute.

Itzubaltzeta/Erromoko Segi


Erandio eta Leioako campuseko ikasle mugimenduaren oharra:

Gaurko mobilizazio egunaren harira, ekimen eta protesta ezberdinak burutu dira Leioako Kanpusean. Protestek kaleak zein ikasgelak hartu dituzte eta errektoretzara ere iritsi da protestaren oihartzuna.

Goizean goizetik ekin zaio mobilizazio egunaren gaineko protesta eta ekimenei. Goizeko lehenengo orduan, kanpuserako sarrerak itxi dira bide mozketen bidez eta ondoren burrunbada eta pikete informatiboak burutu dira kanpuseko fakultateetan, kafetegi zein liburutegian zehar. Eguerdiko 12:30ean mobilizazioa burutu dute 100 ikasle eta irakasle inguruk. Era berean, gaurkoan Errektoretzan ospatzekoa zen Gobernu Kontseiluko zenbait ikasle eta irakasleren ordezkarik berau utzi dute eguerdiko 12tan, Iñaki de Juanaren egoeraren gaineko salaketa egin eta gaurko mobilizazio egunari atxikimendua azalduz.

Erandio eta Leioako campuseko ikasle mugimendua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun