125 bat lagun batu zaio Algortan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta ezker abertzaleak deituriko mobilizazio egunari. “Autodeterminazioaren alde... baldintza demokratikoak orain!” lelopean, manifestazioa Telletxe kaletik 20:10ean, abiatu da. Atzo Baltasar Garzonek mobilizazio egunarekin lotutako ekitaldi oro debekatu bazuen ere, gaur Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Aretoko epaileak
zehaztu du bere epaia (rtf) eta Askatasunak deituriko mobilizazioak baino ez ditu debekatu. Hortaz, Uribe Kostako ekimenik ez da legez kanpo gelditu. Horrela ere, Algortako manifestazioan Ertzaintza izan da ibilbide osoan zehar, martxaren atzetik auto patruila bat zihoala. Ibilbidean zehar, errepresioaren aurkako eta Iñaki de Juana Chaos eta amnistiaren aldeko oihuak izan dira eta manifestazioaren hainbat partaidek Iñaki de Juanaren pegatinak jarri dituzte, besteak beste Algortako batzokian. Martxa Telletxe kaleko eta Algortako etorbideko gurutzean amaitu du eseraldi batekin eta “Eusko gudariak” abestiarekin. Argazkian, artxiboko irudi bat, urriaren 24an Gorrondatxe eta beste herriko tabernen miaketa salatzeko egindako kontzentrazioa.