Avanzada guztiz estaltzea proposatuko du gaurko udalbatzarrean Leioako PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 21a, 12:42

Gaur 20:00etatik aurrera izango den udalbatzarrerako, udal aurrekontuen kontrako osoko zuzenketa bat eta zatikako beste 60 aurkeztu ditu Leioako PPk. Horien artean, Avanzadako errepidea osorik estaltzea eskatuko dute popularrek, "EAJk eta EAk egin nahi dituzten pasabideek ez dituztelako bide horrek eragiten dituen arazoak konpontzen". Horretaz gain, herrian mikrobus sarea jartzea proposatuko dute, "Leioako auzoen eta metro geltokien arteko lotura hobetzeko". Leioako PSE-EEk, berriz, 25 zuzenketa aurkeztu ditu, udal aurrekontuen proiektuak "gabeziak" dituelako Hezkuntza, Gizarte Ongizate eta Hirigintza bezalako gaietan. Diru partida ia guztiak handitzea proposatzen du alderdi konstituzionalistak, "leioztarren beharrizanei aurre egin ahal izateko".

Leioako Udal Gobernuak (EAJ eta EA) 2007rako aurkeztutako aurrekontuak 36 milioi euro ingurukoak dira, 2006koak baino %11,8 gehiago. Besteak beste, %16,5eko igoera dakarte Gizarte Ekintza arloan (hirugarren adina, genero indarkeria...) eta, berrikuntza gisa, igogailurik ez daukaten etxeetan horiek jartzeko diru-laguntzak aurikusten ditu, udal iturrien arabera. Inbertsioen kapituluan, berriz, auzoetan berrikuntzak (San Bartolome, Pinosoloko parkea, Gaztelubide...), kiroldegi berria, Ondizera sartzeko errepide berriak eta Txorierri eta Lamiako arteko igogailua hartu dituzte kontuan. Hala ere, Xabier Olabarrieta Leioako PPko bozeramailearen ustez, "EAJk eta EAk planteatzen duten aurrekontua ez die leioztarren beharrizan nagusiei konponbiderik ematen eta argi eta garbi adierazten du alkatea (Karmelo Sainz de la Maza) eta udal gobernua indar, ilusio eta ideia faltan daudela". Popularren hitzetan, berebiziko arazoak uzten ditu airean: "Avanzadako errepideak sortarazten dituen herriaren zatiketa eta kutsadura, eta metroa herrigunetik hurrun egotearena, besteak beste".

Avanzada gaineko pasabideak

Leioako Udal Gobernuak onartutakoaren arabera, otsailean hasiko dira egiten Avanzada gainetik joango den lehenengo pasabidea, Bidekurtzioko parkea eta udal euskaltegi eta kontserbatorio artekoa, alegia. Horretarako aurrekontua 672.400 eurokoa da materialetan eta beste 928.200 euro lanak egingo dituen enpresarentzako. Azken hauek, irailerarte izango dute epea obrak bukatzeko. Zubiaren ezaugarriei dagokionez, 3,60 metroko zabalera izango du eta 48,30 metro luzean. "Diseinua oso berria izango da, egitura kristalezko hodi baten itxurakoa izango delako", dio Karmelo Sainz de la Maza alkateak. Metalezko baranda ere edukiko du pasabideak, baita bi metro altuerako metakrilatozko hesia ere, BI-637 errepidera ezer edo inor erori ez dadin. Lanak direla eta euskaltegi ondoko autobus geltokia, herrigunera bidean, 43 metro mugitu beharko dute. Alkateak iragarri duenez, Gobela eraikinaren parean ere oinezkoentzako beste igarobide bat egin nahi dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun