Izotz pista izango du aurten Getxolandiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 20a, 22:50

Gazteenek Gabonetako oporraldiaz gozatzeko aukera izango dute, ostiral honetatik urtarrilaren 5era bitartean, Getxolandian. Aurten, haur parkeak 21. urteurrena beteko du, eta, ohi bezala, hainbat jolas izango dira, tailerrak eta ludotekarekin batera. Gainera, aurten lehenengo aldiz, izotz artifizialezko pista batez gozatu ahal izango dute neska-mutilek. Gabonetako parkea Areetako Xake plazako karpapean egongo da, metroko sarbidearen ondoan, eta jokoek guztira 4.000 metro koadroko azalera beteko dute. Sarreren prezioa 3 eurokoa da eta, beti bezala, helduek ez dute ordaindu behar izango parkean sartzeko, Getxoko Kultur Etxeko iturriek gaur jakinarazi dutenez. Argazkian, umeak matxinsaltoan.

Oraingoan, honako jokoez gozatu ahal izango dute Getxolandiara hurreratzen direnek: dragoia, lapikoa, scalextrica, ohe elastikoak, puzgarriak eta txikienentzako (1 eta 3 urte bitarteko haurrak) ludoteka. Aurtengo nobedadea 300 metro koadroko izotz artifizialezko pista bat da, Itzubaltzeta / Erromoko Santa Eugenia plazan kokatua, karpapean. Gainera, bertan makillaje eta eskulan-tailerrak izango dira.

Ordutegia

Getxolandia 11:00etatik 14:00etara, goizez, eta 17:00etatik 21:00etara arratsaldez egongo da zabalik. Abenduaren 22an, aldiz, arratsaldez baino ez da zabalduko eta, 24an eta 31n, 20:00etan itxiko ditu ateak. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean parkea itxita egongo da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun