Olentzerok zaku bete ekitaldi ekarriko du Algorta, Areeta, Getxo eta Itzubaltzetara

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 21a, 14:55
Ohiturari eutsiz, Olentzeroren etorrera ospatzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte Algortako Olentzero Batzordeak, Areetako Berantzagi dantza taldeak, Getxoko Itxas Argiak eta Itzubaltzeta / Erromoko Zasi Eskolak. Bitartean, Getxoko Euskara Zerbitzuaren eskutik, kalejira egingo dute Olentzerok eta Mari Domingik, goizez zein arratsaldez, abenduaren 22an eta 23an, Algortako eta Areetako kaleetatik, musika doinuez lagunduta. “Asmoa udalerriko kaleak girotzea da, batez ere egun hauetan, eguraldi onak laguntzen badu, jende asko, nagusi zein ume ugari, ateratzen baitira”, Iñaki Zarraoa alkateak azaldutakoaren arabera. Olentzeroari idazteko eskutitzak (pdf) eta denborapasen liburuxka (pdf) bat ere banatuko dute umeen artean. Aurten, berritasun bezala, udalerrira heltzen ari diren herritarren jaioterrietako jolasak ere agertzen dira, esate baterako, Kolonbiakoak, Senegalekoak edo Filipinar Irletakoak. “Euskara eta euskal kultura eta gure artean bizi diren pertsonen kulturaren arteko bizikidetza sustatzea da horren helburua”, dio alkateak. Argazkia: aspaldiko partez bizarra berreskuratu du Getxoko Euskara Zerbitzuak irudikatutako Olentzerok. Hala ere, South Park marrazki bizidunetako panpinen antza duenik ezin ukatu.
Aipatu ekimenekin batera, udalerriko batzordeek Olentzerori ongietorria emateko euren ekitaldiak antolatzeari ere ekin diote, urtero legez, eta horretarako Getxoko Udalaren dirulaguntza jaso dute, Zarraoak gogoratu duenez. "Aurten 32.000 euro zuzendu ditugu Euskara Zerbitzuak antolatutako ekitaldietarako eta batzordeek udalerriko auzo desberdinetan antolatutako egitarauen gastuetarako”, alkateak zehaztutakoaren arabera.

Algorta

Algortako Olentzero Batzordeak ekitaldiak prestatu ditu larunbat eta iganderako.

Abenduak 23

11:30 Potxin eta Patxin pailazoak Getxo Antzokian.
12:00 Olentzero panpina eta gutunak bidaltzeko postontzia, Telletxe plazan.
17:00 Olentzero panpina eta gutunak bidaltzeko postontzia Telletxen, fruitu lehorrak banatuko dira, ALBEko bertsolari gazteen saioa, musikariak herrian zehar, hankapaluak...
19:00: Patxi Perezen erromeria San Nikolas plazan.

Abenduak 24: Badator Olentzero.

12:00 Puzgarriak, haur jolasak, Olentzero panpina eta gutunak bidaltzeko postontzia, hankapaluak... Telletxen. Fruitu lehorrak banatuko dira
17:00 Olentzeroren kalejira Benantziotik hasita.
18:00 Olentzerok opariak banatuko ditu Villamonten: txokolatea eta gaztainak, bertsolariak eta euskal dantzak.
20:00 Txalaparta, bertsolariak, abesbatza, Olentzeroaren kondaira kontatzea, aurreskua eta Olentzero erretzea San Nikolas plazan.

Areetan

Berantzagi dantza taldeak abenduaren 24rako antolatutako jarduerak goizeko 11etan hasiko dira, Eskoletako plazan.

11:00 XXIII. Olentzeroaren egitarauaren irakurketa.
11:00etatik aurrera, irudien erakusketa: Olentzero, egur-ikatza, bendejerak, bertoko abeltzaintza, zilargintza, gaztain-saltzailea eta abar. Horretaz gain, perretxikoen erakusketa, fosil eta mineralak, emuak, garai bateko jantziak... Haurrentzako pintura tailerra, haria egitea, altzariak lantzea, otarregintza, uztarriak lantzea, euskal pilota eta abar.
11:30 Erromeria txistulari, trikitilari, albokari, txalapartari eta dultzaineroekin.
12:15 Juan Manuel Etxebarriaren hitzaldia: "Gabonetako euskal oihutura eta ipuinak"
13:00 Bertso saioa Algortako Bertsolari Eskolako (ALBE) gaztetxoen eskutik. Gai jartzailea: Nahikari Ayo.
16:00 Haurrentzako jolasak.
18.00 Berantzagi dantza taldearen emanaldia eta Olentzeroaren kalejira: Areetako kultur etxea / Adiskidetasuna kalea / Kale Nagusia / Xake plaza / Zalama kalea / Mesedeetako kalea / Eskoletako plaza.
19:30 Olentzero erretzea.

Getxo

Getxon, ekitaldiak izango dira larunbat eta igandean, Itxas Argia dantza taldearen ekimenez.

Abenduak 23: Olentzero jaia.

18:00 "Olentzero eta subilaren lapurreta" filma Geroa ikastolan.
19:30 Jaia Malakate parkean (txistorra jana, burduntzia, musika... eta giro itzela)

Abenduak 24: Badator Olentzero.

17:00 Olentzeroren kalejira Getxoko probalekutik hasita. Musikariek eta dantzariek alaituko dute ibilbidea eta txikien artean gozokiak eta opariak banatuko dira.
19:15 Kalejiraren amaiera, sua Malakaten eta txokolate jana.

Itzubaltzeta / Erromo

Itzubaltzeta / Erromon, Zasi Eskola dantza taldeak prestatu ditu abenduaren 24ko ospakizunak.

14:30 Herri bazkaria trikitixak eta albokak girotuta San Jose elizako arkupeetan.
18:45 Olentzeroren kalejira herriko kaleetan barrena: dantzen erakustaldia, gabonetako abestiak kantatzea, gozokiak banatzea.
19:30 Dantza erakustaldia eta Olentzero erretzea.
19:45 Txokolate jana eta jaiaren amaiera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun